lazkao - Lazkaoko Udalak beste behin, San Prudentzio jaietako egitaraua azalduko duen programari azala jartzeko lehiaketa irekitzea erabaki du. Modu horretan, herritarrak izango dira 2020ko edizioari irudia jarriko diotenak.

Martxoaren 2ra arteko epea egongo da lanak aurkezteko, eta edozein eratakoak eta koloretakoak izan daitezke: argazkia, collagea, pintura? Aurkeztutako lan guztiak formatu bertikalekoak izan beharko dute, eta lanak udaletxeko harreran aurkeztu behar dira.

kontuan izan beharrekoak Lehiaketa honetako oinarriak hauek dira: neurriari dagokionez, lanak 148 x 210 mm (A5) edo horren proportzioa gordetzen duen beste tamaina batekoak izan beharko dute eta, nahitaez, esan moduan, bertikalak izango dira.

Gaia Lazkaoko jaiak da, eta kartelean agertu beharreko testua: San Prudentzio jaiak 2020 izango da, beste testurik gabe. Nola ez, lanak ezingo du inolako aldarrikapen sexistarik edo politikorik izan, ezta alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusirik duen mezurik, irudirik edo bestelako elementurik.

Aurkezten diren lanak inoiz argitaratu gabeak izango beharko dute, eta pertsona bakoitzak bakarra aurkeztu ahal izango du. Saria, berriz, 200 eurokoa izango da, eta aurtengo Lazkaoko jaietako egitarauaren berri ematen duen azalaren egilea izatea ere bai.

Bestalde, epaimahaia honako hauek osatuko dute: Lazkaoko Udaleko kultura batzordeburuak, Udal zinegotzi batek, kultura batzordeko partaide batek, eta herriko artista batek. Idazkaria Lazkaoko Udaleko kultura teknikaria izango da.

Epaimahaiak hartutako erabakia apelaezina izango da, eta taldeak hala erabakitzen badu, lehiaketa irabazlerik gabe geratu daiteke.

Horrez gain, saritutako lan guztiak Lazkaoko Udalaren jabetzapean geratuko dira, eta lan horien erreprodukzio eta erakusketarako eskubidea beretzat gordeko du. Interesa dutenek martxoaren 2ko arratsaldeko 18.00ak arte dute aurkezteko aukera. Gainera, formatu fisikoan zein digitalean aurkeztu daitezke lanak, azkenekoek kultura@lazkao.eus helbidera bidalita.