Lan mardula dago Goierriko enpresa sare zabal, handi eta sendoaren atzean, eta Ordiziako Mallutz industrialdean kokatuta dagoen Ikaslan Fundazioak badu zeresana. Hezkuntza zentro honetan Goierri Eskolako ziklo formatiboetako goi, erdi eta oinarrizko mailako ikasleak hartzen ditu, lan mundura begira haien formakuntza osatzeko, kalitatezko praktiken bidez. Ikaslan Fundazioa eta Goierri Eskola binomio bat da, lantegiak jasotzen dituen ikasleak Eskola bertako ikasleak dira eta. Goierri Eskolaren edozein ardatzetan dago jasota, goi, erdi eta oinarrizko mailako ikasketetako ikasleak lanerako prestatzea, eta hala bideratu dute ziklo formatibo guztien antolaketa eta metodologia. Berdin unibertsitate ikasketak aukeratzen dituztenek ere, formatu dualari esker praktikak egiteko aukera ere badutelako.

Eskolatik lanerako bidean oso paper garrantzitsua jokatzen du Ikaslanek ikasleentzat; praktikan jartzeko aukera dute ikasgela barruan ikasitakoa, baina praktika errealekin. Goierriko enpresentzako lanak egiten dituzte, eta hori baino praktika hoberik ez dago; lan munduarekiko duten distantzia laburtzen da. Gainera, Goierri eskualdeko formazio zentro profesional erreferentea izaten jarraitzen du urteak pasata ere. Goierri Eskolan argi dute hori, eta ikasgelan bertan hasten dira ikasleak lan mundurako prestatzen. Horregatik Ikaslanen helburua, ikasleak lanpostuetarako zuzenean formatzea da, aipatutako bi munduak hurbiltzen jarraitzeko.

Iazko ikasturtean 159 ikasle aritu ziren Ikaslanen eta esan dutenez kopurua mantendu egin da azken lau ikasturteetan. Horiei dual ikasleak gehitu behar zaizkie, beste hamalau; beraz, batez beste 175 ikasle aritzen dira urte guztian zehar Ikaslan Fundazioan.

lan mundurako prest Ohiko Lanbide Heziketako ikasketak garatzerakoan, eredu propioa garatu du Ikaslan Fundazioak eta Goierri Eskola binomioak. "Eskolan ikasitakoa Ikaslanen aplikatzen dute, eta lanean ikasten dute. Horrek balio erantsi bat ematen die ikasleei, lanerako jasotzen duten prestakuntza erabat osoa delako", zehaztu du Manuel Ormazabal Ikaslan Fundazioko zuzendari ohiak. "Ikaslan lantegi bat da. Gainerako lantegiek bezala, helburu ekonomiko batzuk bete behar ditu urte amaieran, bezeroekin hitzartzen dituen kontratuak bete egin behar ditu, eta kontratu horietan zehaztutako epeetan egin behar du lan. Beste edozein lantegitan adinako presioa dago hemen, eta horrek etorkizunera begira profesionalki zailtzen ditu ikasleak. Era berean, horrek bereizten du Goierri Eskola gainerako zentroetatik".

Ikasten ari diren bitartean bide profesionala garatzen dute ikasleek. "Izenak berak dioen moduan ikasi eta lan egiten dute Ikaslanera datozenek. Horrek ematen dien balio erantsia ez dute bestelako beka edo praktikaldi batzuetan lortzen", nabarmendu du Ormazabalek. Honen adibide da urte hauetan lortutako emaitzak: Goierri eskualdeko enpresa industrialetan lanean ari diren langileen ia erdiak Goierri Eskolaren eta Ikaslan Fundazioaren eredutik pasa dira, guztira 5.000 ikasle baino gehiago.

zuzendaritza berria Azken hilabeteetan hainbat aldaketa eta berrikuntza eman dira Ikaslan Fundazioan. Ia 40 urtez bertako zuzendari izan den Manuel Ormazabalek Xanti Iruretagoienari eman dio lekukoa. Hamazazpi urte eman ditu Iruretagoienak Goierri Eskolara lotuta, irakasle eta azken hamar urteetan marketin zuzendaria ere izan da.

Horrez gain, Ikaslan Fundazioaren instalakuntzetan ere hainbat berrikuntza egin dituzte azken boladan. Zerotik hasitako bidean loratu da Ikaslan Fundazioa, eta autofinantzaketari esker, guztira, bederatzi pabiloitan dute banatuta produkzioa gaur egun. Laser ebaketa, galdaragintza, metalezko egituren muntaia, kableatu eta armairu elektrikoen muntaia eta mekanizatu zerbitzuak eskaintzen dituzte. Urtetik urtera sortzen diren beharrei erantzunez lantegia egoki-tzen joan dira, eta orain aldagela berriak, otorduetarako gune bat eta bazkal ondorengo tarteetarako kirola egiteko gune bat egokitu dute.