lazkao - Lazkaoko Amalur Mendi Elkarteak antolatutako Mendi Asteak hartu du herriko egitaraua aste osoan zehar. Hainbat ikus-entzunezko eta hitzaldiz gozatzeko aukera izan da bertan, eta gaur emango zaio amaiera arrakasta lortu duen ekitaldiari. Hain zuzen ere, Areria aretoan eskainitako ikus-entzunezkoen ondotik, erakusketa gelan kokatuta dagoen Amalurgo hainbat urteetako mendi irteeretako argazki bildumaren? erakusketa ikusteko azken aukera izango da arratsaldeko 16.30etik 19.00etara.

Jarraian, Erradikalak ginen? bertso eta bakarrizketa saioa izango da Arerian, arratsaldeko 19.00etan. Lazkaoko Udalak herriko emakume taldearekin elkarlanean antolatu du ekitaldia. Bertan, "erradikalak ginen, gara eta izango gara" dela muina diote saioaren antolatzaileek: "Bigarren aldiak inoiz onak izan ohi ez direla diotenei aurka egitera gatoz. Lehen aldi hartako pasioz, korseak askatuta, bertso eta bakarrizketa bidezko formatuari eutsi eta buruberokiak eduki berriz betetzeko gogoz". Hala, "neska gazte promesa" etiketaz gai asko landuko, kantatuko eta kontatuko dituzte: zahartzea, gorputzaren aldaketak, sexualitatea, merkatu patriarkala, intersekzionalitatea, beldurra, biolentzia eta zeharka-tzen gaituzten beste hainbat. Feminismoa zeharlerrotzat hartuta eta umorez. Umorez, beraz, "serioa" izango dela esan dute.

lilatoiko kamisetak Bestalde, Udalak 31. Lilatoiari begira, herritar emakumeentzako kamisetak sortu ditu, lazkaotarren ordezkaritza nabarmendu eta talde izaera emate aldera. Emakumeok harro leloa irakurri daiteke eta kolore morekoak dira. Guztira 75 ale sortu dira.

Datorren martxoaren 1ean ospatuko den Lilatoirako kamisetak banatzeari otsailaren 25ean ekingo zaio, asteartero burutzen den Kirolera ekimena baliatuz. 19.00etan da hitzordua. Udalean ere eskuratu ahal izango dira, agortu bitartean.

Gainera, emakumeak kirolera eta korrikara gerturatu eta animatzeko helburuz, Kirolera ekimena egiten dute asteartero, 19.00etan hasita, Kiroldegitik abiatuta.