ordizia - Ordiziako Kaldereroak bihar, astelehena hasi eta larunbatera bitartean ospatuko dituzte, eta horren barnean kokatuko da Zozomikote pertsonaia ere. Beste urtebetez, ilusio eta lan handiarekin atera dute aurrera egitaraua antolatzaileek, eta herritarrek ekintzetan parte hartzeko deia luzatu dute.

Lander Mujika, Ordiziako Udaleko kultura zinegotziak hala eskertu du herritarren parte-hartzea: “Badakigu lan handia egiten dutela ekitaldi sorta hau antolatzeko, eta oso eskertuta gaude hori guztiagatik”. Erramun Amundarain, Kaldereroen Konpartsako kideak gaineratu du helburua “Kaldereroak ordiziarren festa” bihurtzea dela, denboran iraungo duena. Orain urte batzuk indarra galdu zuen festa izan zen, baina berriz ere lana eta ilusioari esker indartsu itzultzen dira urteko sasoi honetan Kaldereroak Ordiziara.

Horrez gain, kontuan izan behar da Kaldereroek herriko eragileak omentzeko ere balio izaten duela, Urrezko Zozomikoteari esker. Egitasmoa iaz sortu bazuten ere, jarraipena izateko hasi dutela argi dago. Hala, aurten lau izango dira errekonozimendu hori jasoko dutenak: Laguntasuna Errondaila, Ordiziako Saskibaloi Elkartea, Jai Alai Pilota Elkartea eta Ordiziako Mendizale Elkartea. Guztiek lan handia egiten dute herriaren alde, bai herriko festetan parte hartuz, ekimen eta ekin-tzak antolatuz eta herriari merezi duen bizia emanez. Sari horiek larunbatean banatuko dituzte, eta elkarteetako ordezkariak bertan izango dira.

egitarau zabala Arlo desberdinetara zabalduko dira Kaldereroak. Hala, Ordizian elkarteak Dendaz denda Zozomikoteren Bila ekimena antolatu du. Funtzionamendu erraza du: Zozomikoteren irudia Ordizian Elkarteko saltokietako bateko erakusleihoan egongo da ezkutatua. Zein saltokitan dagoen aurkitzen duten pertsonen artean bi lagunentzako afaria zozkatuko da. Hala, erosketa bakoitzeko txartel bat betetzeko aukera egongo da eta hori egin ostean Ordizian merkatari elkarteko bulegoan jarriko den kutxan bota beharko da. Zozketa otsailaren 18ra arte egongo da martxan.

Astearte eta asteazkenean Zozomipoteak egingo dira, auzo eta herrigunean, hurrenez hurren. Ostiralean, berriz, kalejira egingo da Ordiziako Musika eskolako banda txikiarekin eta Azen Erraldoi Konpartsarekin. Ibilbidea Nikolas Lekuona Plazatik abiatuko dute eta herrigunea igaroz, Plaza Nagusira iritsiko dira.

Larunbata izango da, dudarik gabe, egun handiena. 13.00etan Kaldereroen paseoa egingo da herrigunean zehar, Umore Ona Abesbatzarekin eta Laguntasuna Errondailarekin. Arratsaldean, berriz, 16.30ean, Zozomikoteren kanpamendua zabalduko da jendearentzat eta gerturatzen direnek Zozomikote gertutik ezagu-tzeko aukera izango dute eta harekin eta bere taldekideekin argazkiak ateratzekoa ere bai. 18.00etan, bestalde, Nikolas Lekuonan txupinazoa eta Zozomikote txikiaren pregoia egingo dira, Urrup antzerki taldearekin batera. “Txupinazoa txikien esku uzten dugu. Izugarrizko ilusioa egiten die eta modu honetan festaren zati garrantzitsua bihurtzen dira”, dio Gorka Lariz, Urrupeko kideak. Ondoren, Kaldereroen konpartsako desfile mistoa egingo da, nagusi eta umeena. Ibilbidea Kale Nagusitik plazaraino izango da, non Zozomikoteren kanpamendua egongo den, eta bertan atxilotuko dute pikaroa. Ondoren hainbat kale igaro eta plazaraino joango dira. Bukaerako erretreta, berriz, Plaza Nagusian izango da. Bertan, Urrup antzerki taldeak Zozomikote pertsonaiaren harira idatzitako hiru ipuinak ikuskizun bilakatuko dituzte.