LAZKAO - Lazkaon, plaza ondoan dabiltza hilabete hauetan berritze lanak egiten, eta horregatik ohikoak izaten ari dira bertan langileak ikustea buru-belarri lanean. Dirudienez, erritmo onean doaz egin beharreko berrikuntza horiek, eta otsaila bukaerarako amaitzea dago aurreikusia Elosegi Kalean frontoiaren eta Udaletxe arteko eremuaren eraberritzea. Dagoeneko pasa beharreko instalazioak eta hormigoizko azpiharriak amaituta daude eta orain harrizko zorua jartzen ari dira. Behin lan guzti horiek amaituta, galtzada Udaletxeko plazarekin integratuta geratuko da, eta, dudarik gabe, leku uniformea sortuko du ekintza honek, espazio handiagoa sortuz.

Hain zuzen ere, aktuazio honekin oinezkoentzako eremu zabala lortzea du helburu Udalak, eta oinarrian, Lazkaoko erdigunearen bizi kalitatea hobetzea ere bai, bide batez. Lanek eremu osoa kale bakar eran birsortzea ahalbidetuko dute, galtzadan maila aldaketarik gabekoa, beraz. Oinezko mugikortasunari emango zaio lehentasuna, kalea paseatu, jolas egin edota inguruko saltokietan erosketak burutzeko espazio eroso bilakatuz. Kontuan izan behar da, gainera, irisgarritasunari ere keinu egiten diela obra hauek, izan ere, norbere mugikortasuna mugatuta duten pertsonek askoz ere erraztasun handiagoaren mugituko ahalko dute gune horretan zehar, eta, kontuan izanda herrigunea dela, Lazkaoren bihotza, aurrerapauso garrantzitsu eta beharrezkoa da Udalak abiatu duena, herritarren eta urtean zehar Lazkaora gerturatzen diren guztientzako.

SANEAMENDU SARE BERRIA Lan hauek tarte ezberdinetan garatzen ari dira; tartean, galtzada osoa altxatu da, egungo espaloien pare utziz, eta harrizko adokinarekin zolatzen dihartute egun langileek, zoru berria ezarriz ingurune osoan.

Saneamendu sarea ere berrituta dago, fekalak zein euri uren hoditerua, zehazki. Kolektoreak berritzeko premia nabarmena zegoela jakinarazi zuen Udalak, eta, gainera, zehaztu zuten bazirela puntu zehatzak non euri urak fekalen sarera bideratzen ziren. Arazo guzti horiek konpondu egin dituzte. Horretarako sare separatiba berri bat sortu da, fekalen zein euri urentzako hodi bana ezarriz, beraz, bakoitzak bere ibilbidea egingo du. Lanaren lehen fasea garatzen dihardute orain: oinezkoentzako eremua urbanizatu eta Udaletxeko plaza zabaltzeko lanak dira. Aurrerago, berriz, inprimakidun asfaltoa ezarriko da, Elosegi kaleko ibai alboko beste aldeari jarraipena emanaz.

Aurrekontua BEZ barne, 277.013,17 eurokoa da. Lanak azaroan hasi ziren eta otsailaren amaieran amaitzea dago aurreikusia. - M.A.