ordizia - Goieki Goierriko Garapen Agentziak iaz 25. urtemuga bete zuen eta aste honetan hasi du lau urteko ibilbide berriae Orain arteko ibilbide edo lan lerro bera jarraituko du aurrerantzean ere: bailarako industria garapena, bertako ekintzailetza bultzatzea, turismoaren sustapenarekin jarrai-tzea eta ingurumen eta gizarte gaiak jomuga izatea.

Goierriko 19 herrik osatzen dute Goieki: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsaso, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerainek, eta 45.000 inguruko biztanleria biltzen dute. Urtearen hasierako batzarrean, berriz, 12 kidez osatutako administrazio kontseilua aukeratu zuten. Astelehenean elkartu ziren lehengo aldiz kontseilukideak, Goiekik iaz estreinatu berri zuen Ordiziako New Business Factory egoitzan. Agentziaren lidergoa Aitor Aldasoro beasaindar jeltzaleak hartu du, presidentzia hartuta. Txandakakoa izango da kargua eta Beasain, Lazkao eta Ordiziako ordezkariena izango da ardura.

Osakera hala gelditu da: Aitor Aldasoro Beasaingo alkate jeltzalea izango da presidentea eta Eztitxu Mujika, Zaldibiako EH Bilduko alkatea presidenteordea. Idazkaria, berriz, Jokin Garmendia, Olaberriko alkatea, izango da. Bokalak, berriz, Mikel Olano (Beasain, EH Bildu), Eva Alvarez (Beasain, PSE-EE), Adur Ezenarro (Ordizia, EH Bildu), Mila Sukia (Ordizia Orain), Kepa Zubiarrain (Lazkao, EAJ), Martin Aramendi (Ataun, EH Bildu), Karmele Arruabarrena (Segura, EAJ), Aitziber Meabe (Legorreta, EAJ) eta Zelai Amenabarro (Legorreta, EH Bildu) izango dira.

Goiekik 2020rako 1.200.000 euroko aurrekontua izango du. Industria alorrean erreferente bihurtu da Goiekiren lana, besteak beste, Goierri Valley Elkartearen kudeaketa hartzen duelako barne. Eskualdeko industriaren eraldaketaren motorra izatea da elkartearen helburua, eta gaur egun bailarako 68 enpresa garrantzitsuk osatzen dute guztira 7.500 lanpostutik gora bilduz. Enpresa berriak sortzeko mekanismoak ere abian jartzen dituzte Goiekitik, eta Goierri Turismo ere barnean kokatzen da, non aurten 20. urtemuga ospatuko dute Goierriko turismoa sustatzen.