Erromako Udalak bere eraikuntza historikoak mantentzeko 2025 urtera arteko plana aurkeztu berri du. Plan horren barruan, Koliseoaren mantentze- lanak aurreikusten dira, eraikuntzaren hondatzea gelditzeko eta bisitarientzat sarbideak eta igarobideak hobetzeko. Berritze lanetarako behar den materiala kanpotik barrura garraiatzeko arazoak ditu lanak egin behar dituen enpresak, eta Mondragon Unibertsitateko ikasleei laguntza eskatu die. Zama ahalik eta modurik egokienean, seguruenean eta azkarrenean garraiatu behar da eta, noski, eraikuntza bera hondatu gabe". Horixe izan da aurten Goierri Campuseko Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako lehen mailako ikasleek jaso duten erronka. Ostiral goizean, egin zuten irakasleen aurrean probaketa saioa, egindako lanaren emaitza jendaurrean jarriz eta benetako saiakera eginez.

Hala, ikasleek, taldetan banatuta, sei garabi aurkeztu zituzten, bakoi-tzak bere moduan garatuta. "Koliseo barruko hiru puntutara eraman behar izan dituzte zamak, eta lau asteko lanaren emaitza izan da hau", azaldu zuen Jose Ignacio Vicente irakasleak. 1:150 eskalan, prototipoa fabrikatu dute.

pauso bat gehiago Lehen mailako ikasleei urtero jartzen zaien erronketako bat da oraingoa, eta ikasle guztiek parte hartzen dute. Urtean zehar bi egiten dituzte, eta oraingoan mekanikarekin lotutakoa izan da nagusiki. "Helburua ikasgelan emandako edukiak praktikara eramatea izan da, baina pauso bat gehiago ematea ere bai", gehitu du irakasleak.

Adierazpen horrekin bat egin dute Erlantz Garmendia ordiziarrak eta Jaione Armendariz ibarratarrak. "Orain arte, fisika bi dimentsiotan eman dugu klasean, baina proiektu hau egiterako orduan hiru dimentsiotan landu behar izan dugu. Hori, dudarik gabe, erronka bat izan da guretzako, asko arakatu behar izan dugulako", azaldu dute. Hain zuzen ere, horixe da Unibertsitatean lortu nahi dutena.

"Ikasleak landu eta informatu egin behar dute. Horretan, beti, adituak garenok izaten gaituzte alboan, eta saiatzen gara zailegi diren gauzak ere ez eskatzen. Baina, garrantzitsua da beraiek ere informatzen jarraitzea eta beraien kabuz bilaketa lanak egitea materia gehiago sakontzeko", zehaztu du Vicentek, ikasleen lanak ikusten dituen bitartean. Hain zuzen, Garmendiak horixe bera balioan jarri du: "txikitatik liburuetan ikusi ditugu halako proiektuak, eta orain gu ari gara horiek praktikan jartzen. Pozgarria da, dudarik gabe".

Sei lan horietatik bakarrak lortu du eskatutakoa betetzea; eta probak egiterako orduan arazo batzuei aurre egin behar izan die, hala nola, garabia erortzea. Hala ere,lehen mailakoak gustura agertu dira erronka honi heldu izanaz. Orain, bigarren seihiruilekoan beste gai bat izango dute lan lerro: elektrizitatea. Oraindik ere zehaztu gabe badago ere, Vicentek aurreratu duenez, ikasitakoa praktikan jartzeko beste aukera bat izango da.

Egindako proiektu horiek eta aurreko urteetakoak ikusgai jarriko dituzte otsailaren 8an egingo duten ate irekietan, goizeko 10.30etik aurrera.