ormaiztegi - Iaz lau liburu tertulia egin ziren eta izandako arrakasta, talde giroa nahiz herritarrengan sortutako interesa ikusita, aurten, Ormaiztegiko Udalak 2019an museotik abiatutako ekimenarekin jarraitzea erabaki du.

Gauzak horrela, herriko liburutegian sei liburu tertulia antolatu dituzte aurtengo urterako. Urtarrila amaieratik ekainera bitartean izango dira saioak, hilabeteko azken astearteetan, arratsaldeko 18.00etan hasita. Gaztelerazko liburuen inguruko gogoeta egingo da lehen hiru saioetan, eta euskarazkoena, berriz, azken hiruetan. Bi dinamizatzaile izango dira lagun topaketa hauetan, ahalik eta modu erosoenean garatu daitezen. Bat Monica Leiva kazetaria izango da, eta, bestea, Miriam Luki kazetari eta idazlea. Tertulietan gai desberdinak jorratuko dituztela jakinarazi dute, liburu bakoitzaren nondik-norakoen arabera, eta, beti ere, berdintasuna nahiz migrazioaren ikuspegia landuta.

Hala, datorren asteartean emango diote hasiera urteko lehen tertuliari, eta, bertan, Charlotte Brönteren Jane Eyre liburua landuko da. Badira, dagoeneko, aste batzuk irakurleek liburua liburutegian jaso zutela, eta, askok aurrez irakurrita izan arren, gustora heldu diote. Antolatzaileek oraindik animatu ez diren herritar irakurzaleak animatu nahi dituzte tertulietan parte hartzera, irakurtzeko zaletasunari bide emanez.