lazkao - Joan den irailean Kirolera programa jarri zuten abian Lazkaoko Udalak, herritarren artean kirola sustatzeko asmoarekin. Emakumezkoen Lilatoia lasterketaren aitzakian martxan jarri zuten egitasmoa da, proba hori prestatzen hasteko emakumeentzako astean behineko hitzoduak sortuz. Ikasturte berri honetan, publiko ororentzat zabaldu dute proiektua, pauso berri bat emanez eta parte hartu nahi duen orori aukera hori emanez.

Hala ere, eta kontuan izanik aurtengo Lilatoiaren 31. edizioa martxoaren 1ean dela, Lazkaoko Udaletik dei egin zaie lazkaotar emakumeei Kirolera programaren bidez Lilatoia prestatzeko anima-tzera. Iaz, esaterako, talde ederra sortu zuten elkarrekin kirola egiteko eta, bide batez, Lilatoia proba prestatzeko.

Proiektu honen helburu nagusia da lazkaotarrak kirolera eta korrikara gerturatu eta animatzea, beti ere bakoitzaren erritmoa eta ahalmena errespetatuz eta elkar lagunduz. Ideia hori garrantzitsua da, izan ere, inoiz korrika egin ez duenaren-tzako ere irekia eta aproposa den ekimena da hau, lehen urrats horiek ematen hasteko aukera jartzen duelako mahai gainean.

Asteartero egiten dute irteera edo geldialdia parte-hartzaileek, hain zuzen ere, arratsaldeko 19.00etan hasita. Gaur bertan, eta hemendik aurrera ere egingo dituzte astean behineko saio hauek.

Ordubeteko iraupena izaten du, eta Joxemiel Barandiaran Kiroldegian hartzen du leku beti. Ez dago izena eman beharrik aurrez, hitzordura bertaratzea nahikoa izaten baita. Orientatzaile edo profesional baten laguntza izango dute aurtengoan ere parte-hartzaileek, eta kirolean hasi edo ariketak egikaritzeko orduan kontuan izan behar dituzten alorrak aipatuko dizkie, behar bezala egiteko hastapen horiek.

Gauzak horrela, bost kilometroko lasterketa prestatzeko balioko du egitasmoak, eta baita kirolera gerturatzeko ere. - M.A.