beasain - Asteburu honetan San Sebastian jaiak ospatu dituzte Beasaingo Garin auzoan, eta ekitaldi nagusi eta jendetsuenetako bat Garingo mendi lasterketa izan da.

Beste urtebetez, giro aparta izan da frogaren inguruan, eta lasterketan parte hartu zutenek ibilbide eder batetaz gozatzeko aukera izan zuten. Lokatza nagusi izan zuten 11 kilometroetan, azken egunetako euriaren ondoren. Hala, lehena helmugara iristen Iñaki Olano altzoarra izan zen. 53:26 minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Segidan iritsi zen Beñat Etxabe, 53:48, eta hirugarren, berriz, Jokin Etxabe, 54:12ko denbora eginez. Lehen 18ak lortu zuten ordubete baino gutxiagoan osatzea.

Emakumezkoak ere fin ibili ziren. Irati Larrañaga usurbildarrak eraman zuen garaikurra, 01:09:37an osatuz lasterketa. Haren ondoren sartu ziren Maider Unanue aramarra, 01:10:30, eta Haizea Ramirez de Alda altsasuarra, 01:11:58. Parte-har-tzea ere zabala izango da aurtengo edizioan: 213 gizonezkok eta 27 emakumezkok lortu dute helmugara iristea.

kopa trail Lasterketa honekin abiatu da Goierri Kopa Trail mendi karreren zikloa, eta, beraz, bertako irabazleak dira gaur gaurkoz lehenengo postuetan doazenak. Beste zor-tzi probak osatzen dute egitaraua: martxoaren 1ean UZ-Trail, Urretxu eta Zumarragakoa, 22 eta 11 kilometroko ibilbideekin. Martxoaren 14an Arriarango mendi lasterketak 23 eta 11 probak hartuko ditu, apirilaren 4ean Gabiriako Leharrei izango da, 24 eta 15 kilometroko aukerekin. Maiatzaren 9an, Segura eta Zeraingo mendiak igarotzen dituen Sanson, 25 eta 15 kilometrokoekin. Maiatzaren 16an izango da berria, Txindokiko Kilometro Bertikala. Lehen aldiz egingo den lasterketak 4,1 kilometroko luzera izango du. Goierri Kopa Trail lasterketa luzeena ekainaren 20an izango da, Zaldibian. 27 eta 15 kilometro karreretan Aralarren ikuspegi ederra izango da gozagarri. Irailaren 13an beste lasterketa maite bat jokatuko da, Idiazabalgo Axari. Hemen 25 eta 15,5 kilometroko bi ibilbide osatu ahalko dira. Amaitzeko, urriaren 18an beste berrikuntza bat izango da, 20 kilometroko Ordiziako Mendi-maratoia.