ordizia - Ordiziako sorrera San Bartolome ermitan dagoela sinesten da, urte hauetan egin diren ikerkuntzak han kokatzen dutelako jendearen topaleku bat izan zela, herri bezala sortu baino lehen. Zalantza horiek argitzeko asmotan, ermitako lan arkeologikoak 2018 urteko urrian hasi zituzten Gure Iragana taldeko kideek, Josu Etxezarraga arkeologo eta historialariaren gidaritzapean, eta Ander Arrese arkeologoaren laguntzarekin batera. Hainbat astez luzatu ziren lanak.

Orain, dudarik gabe, mezu onak iritsi zaizkie ikerketaren egileei. Izan ere, hain zuzen, Mexikoko Instituto Nacional de Antropología e Historia-k (INAH), argitaratzen duen Conservacion y Restauración izeneko aldizkariak El origen olvidado de Villafranca Ordizia. Ermita de San Bartolomé izenburu duen Gure Iragana elkartearen artikulua "ekarpen bikain modura" baloratu du eta, dagoeneko mexikarrez idatzita aurki daiteke aldizkariaren 18. zenbakia formatu digitalean. Ale hau historiak eta antropologiak ondare kulturaren kontserbazioan eta zaharberritzean duten zereginari eskainita dago. Elkarteko kideek oso pozik hartu dute albistea, izan ere, errekonozimendu bat da San Bartolome ermitaren inguruan egin duten indusketa eta ikerketa lanei.

Hasiera bakarrik izan zela nabarmendu zuten iazko urtean, eta aurten beste urrats batzuk emango dituzte. Ordiziako Udalak, Aldundiaren laguntzarekin batera, San Bartolome ermitaren indusketaren bigarren faseari ekingo dio, 2020an jarraipena emanez. Asmoa da maiatza-ekaina bitartean egitea, besteak beste, ikastetxeen kurtso amaierarekin bat egin eta haur eta gazteenek lanak ikusi eta elkarteko kideen argibideak zuzenean jasotzeko gainontzeko herritarrekin batera.

Gure Iragana taldeak 7.780,30 euroko diru laguntza jasoko du, beraz, lanketa horiek burutzeko aurten. Gaur egungo ermitaren mendebaldeko zatian 6x7 inguruko koadroa azaleran industea da asmoa, topatutako hormetatik hasi eta Elizaren ardatz nagusia kontuan hartuta, ipar aldeko erdia arkeologikoki agortuz.

Ordiziako hiribildua 1268. urtekoa da eta karbonoaren probak, hiribilduaren urteetan ermita bazegoela baieztatzera eramaten dute. Hala ere, Gure Iragana taldekoek azaldu zutenez, laugarren tenplu baten existentziaren inguruko hipotesia dute. Hain zuzen, indusketa lan horietan, ermitaren barruko aldean, kanpaiak egiteko labe bat aurkitu zuten. Haren azpian, hainbat giza hezur aurkitu zituzten eta horiek ere Miamira bidali zituzten koarbonoaren proba egin eta horri esker zehazteko noizkoak diren. Hala azaldu zuen Nerea Iraola, Gure Iragana taldeko kideak: "1117-1222 urteen artean hildako gizon edo emakume baten hezurrak dira. Beraz, pentsatzen dugu hirugarren tenplu hori baino lehen beste bat bazegoela".

Egun dagoen eraikuntza XIX. mendekoa da. Horren aurretik zegoena, berriz, XVI. mendekoa, eta hirugarren bat ere bazegoela aurreikusi zuten ikerketen emaitzek. Helburua hiru horietatik zaharrena noizkoa zen zehaztea izan zen: indusketan jasotako laginak Miamiko laborategi batera bidali zituzten, eta emai-tzak bi data tarte eman zituen: 1280-1326 eta 1343-1394. Data horiek zehazten dutena da gaur egungo eraikina baino lehen beste bi ermita zeudela, eta zaharrena urte tarte horietakoa dela. Orain, urrats berri hauekin San Bartolome ermitaren jatorria argitzen saiatuko dira.