ordizia - El Gran Crucero lana eskainiko dute, 22.15ean, Ordiziako Herri Antzokian Antzerki Garaia zikloaren baitan. Bertan, gainera, Garikoitz Lariz aktore ordiziarrak parte hartuko du. Sarrerak, lehiatilan erosi ahalko dira, 12 euroan.

Lariz, Noe Lifona eta Jose Luis Guerrero aktoreak dira antzezlan honen protagonistak. Lana La Pescadería Ambulante konpainiaren sorkuntza da, eta Malagako Ateneo saria jaso zuen 2018 urtean, lan original onenagatik. Modu honetan, ostiralean Ordiziara gerturatzen diren ikusleak saioan zehar asko dibertituko dira hiru gazteek interpretatuko duen lanarekin. Hain zuzen, hainbat ipuinek osa-tzen dute lana, eta protagonistek haien bizi-esperientziak kontatzen dituzte. Hawaiiko musika, Francoren zingirak, plastikozko kutxa bat, argizko gurutze bat eta zur eta alanbre linboan galdutako hiru militar gorpuztuko dituzte. Osagai nahasketa bat da, ikuslea bidaiarako prestatzen dutena.

Alkitranezko zeruertz batean, uniformezko hiru mamutxek gainean daramate etxea lubaki gisa. Balizaz baliza, eta ezarritako ibilbide-orriari jarraituz, zerbitzu militarra bete ondoren dagokien baimenera jotzen dute ezinbestean, guztia ordainduta duten oporretara. Ariketa bizia eta batzuetan oso gogorra egingo dute hiru aktoreek, eta hiru soldadu hauen istorioak aurrera egin ahala lortuko dute ikuslea hunkitzea.

Egitarau hau Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerki sarearen lankidetzarekin batera. - M.A.