beasain - Lemniskata Zientzia Elkarteak lan handia egiten du eskualdean dibulgazioaren alde. Alor zientzifikoei bide emanez, herritarrengana ezagutza berriak gerturatzea ahalbidetzen dute, eta urtero ekitaldi batzuk egiten dituzte. Horiek artean aurkitzen da urtarrilekoa, non matematikaren inguruan sakontzen duten. Aurtengoa bederatzigarren edizioa da, eta orain arte arrakasta handia izan dute hitzaldi sortek.

Joan den ostiralean hasi zuten ziklo berri hau, Francisco Gonzalez matematikoaren eskutik. Beste behin Igartza Jauregia izan zen kokaleku eta asko izan ziren Leonardo Torres Quevedo: ingeniero, matemático, inventor hitzaldira gerturatu zirenak. Saio guztiak leku berean izango dira, eta 19.00etan hasiko dira, amaieran galderak egiteko tarte bat eskainiz.

Hain zuzen, beste hiru hitzaldik osatuko dute aurtengo egitaraua. Ostiral honetan, hilak 17, Daniel Ezeizabarrena tolosarraren txanda izango da. Talbot efektua. Argi ibili! izena du hitzaldiak eta euskaraz eskainiko du. Bertan, matematika eta fisikaren arteko lotura zuzena oinarri hartuta, duela 200 urte inguru aurkitutako "fenomeno optiko bitxia" landuko du. Talboten efektua azalduko du Ezeizabarrenak, uhinen hainbat oinarrizko hainbat propietate aztertuz. Gainera, gaiak argakilaritzarekin erlazio zuzena duela erakutsiko du tolosarrak.

Hilabeteko hirugarren ostiralean, urtarrilak 24, Encarnación Reyes matematikan lizentziatu eta doktorearen saioa izango da. Irakaslea ere bada, Valladolideko Unibersitatean eta hainbat liburutan ere parte hartu du. Kasu honetan, gazteleraz izango da hitzaldia eta Miradas matemáticas a tu alrededor: arte, naturaleza y matemáticas izango du hizpide. Besteak beste, matematikak bestelako zientzia eta arteetan duen erabilera eta presentziari egingo dio erreferentzia irakasleak.

Zikloa urtarrilaren 31an amaituko da Usue Mori hizlariarekin. Datuak, gaur egungo urre eta harribitxiak izenpean, matematikan lizentziatu eta ingenieritza informatikoan doktoreak teknologiaren garapenak ekarri duen datu kantitatea eta horien trataera eta metakuntza landuko du. Analisi arloko arazoen berri emango du, hala nola, medikuntza, industria eta merkataritza alorreko aplikazioak.

argazki lehiaketa Bestalde, ostiralean banatu dira VI. Lemniskata Matematika Argazki lehiaketako sariak eta lehen saria Jose Agustin Gurrutxaga Garagarzarentzat izan da, Líneas lanagatik. Bigarren Mohammad Dadsetan, Into the spiral, eta hirugarren Jose Miguel Romero, Arraultzak lanarekin.