ordizia - Objektuen berrerabilpenaren beharrezkotasun eta garrantziari helduz, Kutxa Ekoguneak sortu eta bultzatzen duen trukegune sarera batu zen azaroaren 20an Ordiziako Udala. Aste guzti hauetan udaletxeko arkupeetan prest egon da Trukegunea, eta, izatez, urtarrilaren 7an amaitu behar zen ekimena. Hala ere, orain arte ikusitako arrakasta aintzat hartuz, Udalak ekimenarekin segi-tzea erabaki du eta martxan jarraituko du Trukeguneak Ordizian; oraindik ere amaitzeko epea ez da zehaztu, beharraren arabera egingo baita.

"Ordiziar asko eta asko izan dira Trukegunera gerturatu direnak orain arteko asteetan, eta etxean erabili gabe zituzten objektuei bigarren bizi, erabilpen bat emateko hautua egin dutenak. Dudarik gabe, eskertzeko jarrera da izan dutena, eta, bide batez, gogorarazi nahi diegu oraindik ere badutela denbora ekimen honekin bat egiteko", nabarmendu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Arrakastaren erakusle da arkupean egokitutako gunea liburuz, diskez, eta etxeko apaingarriez beteta dagoela gaur egun. "Beraz, zalantzarik gabe ikus daiteke ordiziarrek bat egin dutela eta gure kontzientzietan badagoela berrerabilpenaren garrantziaren jabe-tza", gehitu du.

berrerabilpena "Bertan, erabiltzen ez diren objektu zehatz ba-tzuk utz eta hartu daitezke, beti ere, beste pertsona batek berrerabiltzeko moduan dauden bitartean. Ez da beharrezkoa zerbait uztea bertatik gauzaren bat hartu ahal izateko", azaldu du alkateordeak.

Denbora tarte batean zehar eskuragarri egongo da ekarritako objektua, behin epea betetzean, Trukeguneko objektuak ez badira hartu, elkarte batera bideratuko direla jakinarazi dute, haien berrerabilpena bermatzeko. - M.A.