ordizia - Ordiziako Udalak larrialdi etxe bat egokitu berri du herriko etxebizitza batean. Hiru logeladuna da, sukalde, terraza txiki eta komunarekin. Oraindik ere langileak bertan dabiltza, izan ere, obra guztiz ez dago amaituta, baina azken ukituak eman ostean, laster izango da erabiltzeko moduan.

"Erabilgarri ez zegoen Udal ondasun bat da etxebizitza hau, eta orain larrialdi egoeran daudenei zuzenduko diegu. Horregatik, behar ziren moldaketak egiten gabiltza", azaldu du Ainhoa Jimenez, Ongizate, Hezkuntza eta Berdintasun zinegotziak. Aste hauetan altzariz hornituko dela jakinarazi du Jimenezek, eta hori egon ostean larrialdi egoerei aurre egiteko balioko du.

Etxebizitza honek badu bere berezitasuna, hain zuzen, irisgarritasun baldintzetara egokitzeko obra bat egin da, helburua larrialdi egoerei erantzutea delako.

beste bi etxe Udalerrian ezaugarri hauetako beste bi etxebizitza daude. Horiei erreferentzia egiten dien ordenantza bat dago Ordiziako Udalean, larrialdi sozialen inguruan zehaztapenak egiten dituena eta nork erabili ahalko duten argi-tzen duena.

Batetik, gizarte egoerak artatzeko harrera-etxebizitzak daude, non alojamendua eskaintzen zaie iraupen laburreko egonaldia behar duten pertsonei edo familia unitateei, premia edo gizarte larrialdi baten ondorioz, etxebizitza gabeziari aurre egiteko. Tartean dauden kasuak izan daitezke, adibidez, hondamendiak, suteak eta uholdeak eta horrelakoren bat jasaten denerako erabilgarri daude. "Hauen kasuan, etxebizitzaren erabilpena egin ahal izateko aportazio ekonomiko bat egin beharko da, errentaren araberakoa izango dena", gehitu du zinegotziak.

Bestetik, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak arta-tzeko etxebizitza ere bada. Horietan, alojamendua eskaintzen zaie iraupen laburreko egonaldia behar duten emakumeei eta bizikidetza unitateei, indarberritzeko eta etxeko indarkeriaren egoeraren bat gaintzeko, baldin eta babeserako neurririk behar ez bada. Kasu hauetan, berriz, doakoa izango da erabilpena.

denbora muga "Ordiziako Udala konziente da populazioaren adinaren igoeraz, eta sortzen diren behar berriez. Horregatik, ordenantzaren barruan sartu nahi da osasun arazo batzuk medio, mugikortasun ahalmena galtzen dutenek ere larrialdi etxea erabiltzeko aukera izatea, errehabilitazio edo etxean beharrezko irisgarritasun aldaketaketa moldaketak egiteko behar den denbora tartean".

Hori dela eta, datorren Osoko Bilkurara eraman nahi da gaia, behar diren eguneratze-tramiteak egin eta azken puntu hau ere ordenantzan sartu ahal izateko.

Ordizian bizi diren pertsona edo bizikidetza unitate guztiek erabili ahalko dute zerbitzua, gutxienez, sei hilabeteko antzinatasun jarraitua izan beharko dute erroldan. Tramitazioa, berriz, Gizarte Ongizate sailaren bitartez tramitatu behar da eta eskaeraren tramitazioa eta balorazioa Gizarte Zerbi-tzuetako teknikariek egingo dute eta haiek zehaztuko dute zein den aurkeztu beharreko dokumentazioa eta zerbitzu hau jasotzeko baldintzak.

Egoera berezietan izan ezik, zerbitzu hau alojamendua eskaintzera mugatuko da bere osotasunean, eta ez da inolako zaintza zerbitzurik eskainiko. Era berean, larrialdi etxebizitzetan ez da bertan hartutako pertsonak zaintzeko langilerik izango, eta etxe hau ez da inolaz ere mugarik gabeko aldi baterako utziko. Oro har, iraupena lau hilabetekoa izan ahalko dela jaso-tzen du ordenantzak, kontratua sinatzen den egunetik aurrera. Edonola ere, Udal etxebizitzaren egiten den gehienezko iraupena ezin izango da zortzi hilabetetik gorakoa izan.