lazkao - Errege egunaren edo Epifaniaren ondorengo igandean ospa-tzen da Lazkaon Astotxo Eguna, eta zita igande honetan da. Festa egun handia izaten da, non herritarrak zein ingurukoak Lazkaora gerturatzen diren Egiptorako Ihesa ikuskizun eta asto lehiaketaz gozatzera.

Aspaldiko jatorria duen ohitura hau erabat errotuta dago. 1652. urtean sortua izan zen, Zistetar komentuaren inguruan. Lazkaoko mojek Familia Sakratuaren Egiptorako Ihesa azaltzen duten irudiak Elizako presbiterioan jarri zituzten, eta urtez urte ohitura bihurtu zen irudi hori ikustera joatea. 80. hamarkadan, ordea, ohitura horri beste buelta bat eman eta herritar talde batek irudiko pasartea antzezlan bihurtzea erabaki zuten. Ordutik, 150 herritarretik gora dira kale antzerkian parte har-tzen dutenak.

antzezlana Goizeko 10.00etan asto dianarekin hasiko dute eguna, eta 11.00etan meza nagusia izango da Zistetarren Konbentuan. Ordubete ondoren hasiko da plazan Gipuzkoako XXI. Enkanterri asto lehiaketa. 100 asto inguru lehiatuko dira, eta epaimahai bat arduratuko da astoak Enkarterri arraza autoktonokoak diren baieztatzeaz eta ziurtagiriak banatzeko. Eguerdian, ar eta eme onenak aukeratzeko lehiaketa egingo dute eta irabazleen aleak plaza erdian jarriko dira ikusgai. Enkarterri arrazako astoak garaiera txikikoak izaten dira eta azal beltza edo gaztain kolorekoa izaten dute.

Betidanik arreta handia erakartzen duen ekitaldia bada ere, 12.30ean astotxo txiki kale antzezpena izango da eta 13.00etan Egiptorako Ihesa irudikatuko duten antzezpena. Dudarik gabe, honek batzen du jende gehien, eta ez da gutxiagorako izaten. Aktore profesionalak ez badira ere, parte-hartzaileak garai hartako azalean jartzen dira Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesaren, Herodesen dekretuaren eta haurren harrapaketaren irudikapenean. Infantodoko dukearen jauregia Herodesen jauregi bihurtuko da beste behin, eta Lazkaoko gune historikoa, Judea. An-tzezpenean Herodesek, Errege izateko jaio den haur baten berri jasoko du, eta agintea galduko duenaren kezkaz, bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko agindua emango du, Jose eta Mariak iges egiten duten bitartean, Belengo herrian gordez. Aspaldiko ohitura, jendearen oso gustokoa dena eta emozioz beteta dagoena.