legorreta - Legorretan "herritarrek, herriarekin eta herritarrentzat" egindako lan berria aurkeztu dute asteburuan: Ez zela kajoi batean gordetzekoa liburua. Izenak berak ondo azaltzen duen bezala, ondare inmaterial bat jaso nahi izan dute hainbat legorretarrek eta baserriko bizimodua izan dute horretarako helduleku kontuan hartuta baserritarren eta naturaren arteko erlazioa.

Belaunaldi ezberdinek parte hartu dute proiektu honetan, nork bere ekarpenak egiteko aukera izan duen, eta harek jasotako ezagutza besteen eskura jarri duen. Zazpi laguneko talde honek osatu du egitasmo hau: Maria Josefa Lasa, Axun Goikoetxea, Iñigo Etxeberria, Joxe Lasa, Ana Arakistain eta Añarbe Calongek. Jakinarazi dutenez, ezinbesteko ardatz izan dira Zuta taldeko Gari Otamendi, testuari forma emateaz arduratu dena, eta Bidart Sasiain, sendabelarren gidarako informazioaren hornitzailea.

ohituren indarra Hitzak horren azkar ihes egiten duten gizarte eta belaunaldi honetan, legorretarrek beharrezkotzat jo dute jendearen memoriara jo eta haiek dakitena paperean jartzea. Hori bai, ahoz ahokoaren oinarri izateaz gain, hilkorra bihurtzen delako. Jakintzak eta ohiturak bildu dituzte, elkarrizketa bidez egindako lanketan. Han jasotakoa landu eta irudiak ere gehitu dizkie liburuan, irakurlearentzako erabilgarriagoa izan dadin liburua kajoietik ateratzeko orduan.

Liburua emaitza besterik ez da, izan ere, Maria Josefa Lasak duela bederatzi urte hasi zuen ibilbide hau, 2011an, hain zuzen. Jubilatu ostean, Aranzadiko ikastaro batean izena eman eta bertako irakasle batek transmisioaren garrantzia nabarmendu zuen birritan. Hori ezin ezabatu burutik, eta kontuan izanda transmisio hori beti baserriaren munduari hertsiki lotua egon dela, irakasleak berak elkarrizketak egitera animatu zien ikasleei. Lasak ez zuen asko pentsatu behar izan, eta herrian bertan hastea pentsatu zuen. Harrera ona aitzakia hartuta, proiektua handitzen joan da eta dagoeneko ikusgai dago emaitza: Legorretako ondarea betirako gordeko duen liburu bat.

Naturarekin eta garai bateko usadioekin lotutako ekintza batzuk egin dituzte urte hauetan herrian. Esaterako, 2016. urtean, ukenduen saioa egin zen Udalaren babesarekin batera eta deialdi ireki bat egin zuten taldea sortu eta lanketa egiten hasi ahal izateko. Horren ondoren etorri zen orain bi urteko sendabelarren bilketa tailerra. Ahaztu gabe, iaz estreinatu zuten Xendapedalak bizikleta martxa, non garai batean sendabelarrak jasotzen ziren lekuetatik igarotzen den ibilbidea, eta antolakuntzakoek garai bateko ohitura horiek nolabait gaurkotasunera ekartzeko esfortzua egin zuten, ekitaldi arrakastatsu bat lortuz, dudarik gabe.

Ez zen kajoi batean gordetzekoa, eta horregatik transmisioaren beharra nabarmendu du Zelai Amenabarro, Legorretako alkateak: "ondareak ondare izateko bizirik egon behar du eta balioa aitortu behar zaio. Eta, guk, museo hutsak baino nahiago ditugu herritarrez betetako plazak". Udalak hasieratik sinetsi zuen proiektuak eta liburuaren aurkezpena gerturatu ziren herritar guztiak ere babes horren erakusle izan ziren. Herri Antzokia txiki gelditu zen eta legorretarrak adi-adi aritu ziren parte hartzaileen azalpenak entzuten. Beharrezko lan bat egin dute, non gaur egun ibiltzen ditugun edo ibil ditzakegun azalpen eta jokabideak jasotzen diren, orain urte askoan ahoz aho transmititu direnak eta, orain, behingoz, paper batean jarri eta lan horrek guztiak duen balioa errekonozitzeko unea iritsi den. Ez dadila, bada, kajoian galduta gelditu urteetako jakinduria.