beasain - Urte berriarekin batera egitasmo berrien hasiera ikusiko dugu, baina badaude beste asko denboran zehar apustu izan direnak eta urteak pasata ere, bere horretan jarraituko dutenak. Horren adibide da, esaterako, Beasainen hilabeteko lehen larunbatean antolatzen den azoka berezia.

Gaur estreinatuko du urte berria, baina dagoeneko errotuta dagoen egitasmoa da, dudarik gabe. Urteari hasiera emateko, beraz, ohiko postuez gain, fruta eta artisautza produktuak saltzen dituzten postuak ere izango dira azokako partaide. Azken urteetan egin duten moduan, Loinazko San Martin plazara gertura-tzen direnek produktu hauek erosteko aukera izango dute: eztia, barazkiak, loreak, arrain kontserbak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak, frutak eta artisautza produktuak saltzen dituzten lau postu, guztira. Artisautzak, beraz, protagonismo berezia izango du biharko azokan eta jarriko diren postuen artean egurrezko jostailuak, erraldoiekin zerikusia duten produktuak, metalaren gainean aplikatzen den sutan esmaltatutako bitxiak eta osagarri pertsonalak saltzen dituen beste postu bat ere izango dira. Artisautza oinarri hartuta haren inguruan egin daitezkeen material eta produktuak izango dira ezagugai; erosteko aukera izateaz gain, mundu horren inguruko nondik norakoen berri izateko aukera ere izanez.

Honako egitaraua prestatu du Beasaingo Udalak biharko: goizeko 10.00etan zabalduko da bertako produktuen azoka eta ordutik aurrera hango produktuak erosteko aukera izango da. 11.30ean, berriz, makramea egiten ikasteko tailerra eskainiko da eta 12.00etan, Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta panderojoleek kaleak eta azoka girotuko dituzte.

Garrantzitsua izan ohi da erosleentzako erositako produktu horiek nola kozinatu edo horiekin zer egin jakitea, eta horretan laguntzeko asmoz, azokan erositako produktu horietako batzuk erabilita egin daitezkeen zenbait errezeta jasotzen dituen liburuxka, eta erosketetarako poltsa ere banatuko dituzte erosleen artean, bertako merkataritza sustatzen dutenentzat ordainsari. Horrez gain, 12.30ean, azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa egingo da azokan erosketak egindakoen artean.

lau urte emankor Dagoeneko lau urte bete dituen egitasmoa da hau, Beasaingo Udal Gobernuaren apustu izanik. Helburu nagusia, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea da, eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areago-tzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bai. Azken batean, azokak ohiko legez aste barruan izaten dira eta langile askorentzako zaila da ordutegi horiekin bat egin eta modu horretan azokara gerturatzea bertako produktuak erostera. Horregatik, zubi lanak egin eta larunbatetan ere halako ekintza bat antola-tzeak kontsumitzaileek azokan bertan erosteko ohiturak bultzatu nahi du. Gainera, azoka beraz gain, bestelako ekintza ezberdinak ere egiten dira, ekimena dinamizatzeko asmoz eta bide batez jende gehiago gerturatzeko bidea eginez ere bai.

Azken urteetako bide berean, urte berriarekin ere Udal Gobernuaren nahia da bertakoek zein kanpokoek herriko merkataritzaren aldeko apustua egitea eta salgai jartzen dituzten produktuak erostea.