ordizia - Ordiziako Burrunbazale txaranga ezagunak herriko kaleak eta herritarrak dantzan jarriko ditu bihar, larunbata,. Haien egun handia ospatzeko prest daude dagoeneko, eta asteburuko zitak aspaldikoak elkartzeko ere balioko die, izan ere, musika elkartea gaur egun osatzen duten kideak eta garai batean taldeko parte izandakoak juntatzeko balio izaten die. Horregatik, urtearen amaierarekin batera edo hasi berriaren hastapenetan juntadizoa egiteko ohitura dute, garai honen inguruan beti, eta aurten ere ohitura horrek bizirik jarraituko du.

Arratsaldeko 19.30ean hasiko dira instrumentu hotsak, orduan ekingo diote eta musika-desfileari herrian barrena. Musikaren alaitasuna herritarrei transmititu ondoren, Tximista sagardotegian afaria egingo dute eta horren ostean berriz ere kalera aterako dira eta herritarrekin batera egingo duten kalejirarekin amaituko dute eguneko saioa.

"Urteari kaixo esateko modu paregabea izango da, beraz", nabarmendu dute taldekideek. Larunbatekoarekin hasi eta urteko musika hitzorduak bata bestearen atzetik etorriko zaizkio Burrunbazale Txarangari, hala nola, San Sebastian eguneko danborradan parte hartuko dute Donostian. Hala ere, Ordizian egiten diren ekitaldi ugaritan ere partaide izaten jarraituko dute; azken finean, musika ekintza anitzeko herria da Ordizia eta Burrunbazaleren parte-hartze eskuzabalak ere lagundu du eragile nabarmena izatea herrian.

hamahiru Dudarik ez da Ordiziak musika tradizio handia izan duela betidanik, eta horren adibide da organo-jotzaileak, udal musika-bandak, txistulariak eta bestelako taldeak ugariak izan direla urtez urtez, hamaika saio antolatu eta horietan parte hartzen. Hala ere, Ordizian ezagutzen den Burrunbazale Txaranga zaharrena da. Hain zuzen, 2006. urtean sortu zuten herriko musika-bandan ziharduten hainbat lagunek. Biharkoa, beraz, topaketaren hamahirugarren edizioa izango da, eta beste urteetan egin izan duten moduan, musikari ohiak, egungoak eta herritarrak txaranga-musikaren inguruan elkarrekin ari-tzeko eguna izango da.

Joko dituzten doinuen artean ez da faltako txarangaren beraren kalejira sonatua. 2011n estreinatu zuten eta orduz geroztik ezaguna bihurtu da askorentzat, ez Ordizian bakarrik, eskualdean ere bai. Hitz gutxi, baina gorputza dantzan jartzeko nahikoak: "Festa eta parranda gustatzen bazaizu, Burrunbazale zera zu". Beraz, modu ederra izango da festa giro alaian 2020 urteari ongi etorria emateko eta txarangarekin dantzan jartzeko.