ordizia - Ordiziako Saskibaloi Elkarteak 50 urte bete ditu aurten eta ospakizunetan murgilduta jarraitzen dute urdinek. Erakusketa eta hitzaldiez gain, baina, txapelketa berezi bat antolatu dute abenduaren 28 eta 29rako.

Hain zuzen ere, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako selekzioen arteko Minibasket txapelketa jokatuko da Majori kiroldegian. Guztira, 10 eta 11 urte bitarteko 120 saskibaloi jokalari inguru elkartuko dira. Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, nabarmendu nahi izan du elkarteak egiten duen lan handia, sortzen duten harrobi handia goraipatuz.

Euskal Saskibaloi Federazioa izan zen orain urte batzuk txapelketa honen antolakuntzari heldu ziona, baina aurten elkartearen urtemuga dela eta, beraiek izan dira eskaria egin diotenak.

bi egunez Abenduaren 28an, inuzente egunean, hasiko da lehiaketa. Hain zuzen, Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko partidak izango dira. 10.00etan mutilen txanda izango da eta 12.00etan, emakumezkoena. Arratsaldean ere jarraituko dute partidek: Araba eta Nafarroaren arteko jokoak izango dira. Mutilena 16.00-etan hasiko da eta emakumezkoena, berriz, 18.00etan.

Igandean saskibaloi minibasket lehiaketak segiko du. Hiru eta laugarren postuak goizean jokatuko dira eta finalak arratsaldean izango dira; 28an jokatutako ordutegi berean. Maila oneko lehiak ikusi ahalko direla espero da.

Ordiziako Saskibaloi Elkarteko kideak maila bikainean ibiltzen dira eta horren adibide da Gipuzkoako selekzioarekin Ordiziako sei jokalari arituko direla; lau emakumezko: Elorri Garcia, Haizea Salceda, Maddi Albiz eta Natale Pecharroman eta bi mutil: Manex Telleria eta Markel Iruretagoiena.

Patxi Olano, elkarteko ordezkariak saskibaloiaz betetako bi egun izango direla espero du, eta parte har-tzen duten guztiek ondo pasatzeko aukera izatea.