ordizia - Ohiko moduan, jende ugari elkartu da asteazkenean Ordizian, Euskal Herriko txistorra lehiaketa jokatzen zenaren aitzakian. Gainera, 53 partaide izan dira; gehienak gipuzkoarrak baina nafarrak, arabarrak eta bizkaitarrak ere aurkeztu dira.

Aurtengoan, lehen saria etxean gelditu da, Ordizian. Hain zuzen ere, Argentinatik etorritako Maxi Caligaris harakinak jantzi du irabazlearen txapela. Ordiziako Lasa harategian lanean aritu da urte batzuetan, eta jabeak jubilatu ostean berak hartu du testigua. Aurten lehenengo aldiz aurkeztu da Ordiziako lehiaketara berak egindako txistorrarekin eta 134,50 puntu lortuta. "Pozik" mintzatu zen Caligaris, eta azaldu duenez, Lasa Harategian ikasi bezala egin du txistorra, "han ikasitako pausu guztiak jarraituz". Bigarren postua, berriz, Eibarko Mujika Harategiak eskuratu du (117,70 puntu), eta podiuma Elorrioko Patxi Aramberrik osatu du (115,50 puntu). Laugarren postua Dimako Zuazu Harategik lortu du (111,50 puntu) eta Ataungo Erauskin Harategia bosgarren gelditu da, 110,50 punturekin.

Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta batez ere, Gipuzkoan, non bihar bertan, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatuko den hainbat herritan.

Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena berriz, gainerakoa; hala nola, odolkiak eta lukainkak egitea. Horretarako, noski, giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta beste sekretu ba-tzuk erabiltzen zituzten. Txistorra egiteko txerri-haragia eta urdaila behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena, ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.

Adituen esanetan, berriz, aurtengoan ere maila handia izan da Euskal Herriko txistorra txapelketan, eta nabarmen ikusten da ekoizleen kalitatea. - M.A.