ordizia - Ordiziako Udalak urteak daramatza garapenerako lankidetza laguntzak banatzen, GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeei. Aurtengoan ere diru partida handia bideratu dute hainbat erakundek munduko herrialde desberdinetan dituzten proiektuak garatzeko aukera izan dezaten.

Aste honetan banatu diru-lagun-tza horiek, eta erakundeetako ordezkariak ere bertan izan dira, bakoitzaren egitasmoaren inguruko nondik norakoak izaten. Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, hala nabarmendu du: "Ordizian guztiz errotuta dagoen laguntza hitzarmena da, eta egiten duzuen lan handia aitortu eta eskertzeko modu bat da hau. Asko egiten dute eta guk gure alea jarri nahi dugu egitasmo horiek lantzen jarrai dezaten aurrerantzean ere".

Aurten, guztira hamaika proiektu aurkeztu dira, eta horietako zazpiri diru laguntza ematea onartu da; guztira, 74.263,43 euro. Laguntza jaso ez duten elkarteek epez kanpo aurkeztu dute haien proiektu proposamena edo ez dituzte eskatzen ziren baldintzak bete.

Honakoek eskuratu dute Ordiziako Udalaren laguntza: Lankidetzarako Ingeniariak elkarteak 6.000 euro. Afrikan zentratuko da erakundea eta besteak beste, euria egiten duenerako ura bideratzeko sistemak garatuko dituzte. Etiopia Utopia Fundazioarentzako 11.080,18 euro. Azken hamar urteetan bezala, emakumeek Etiopian duten egoera hobetzeko lan egingo dute. Taupadak garapenerako Gobernuz Kanpoko Elkarteari 9.485,69 euro bideratu zaizkio, eta hauek, Bolivian emakume indigenei babesa ematea dute helburu, haien familien elikagai segurtasuna bermatzeko.

12.000 euro Asamblea de cooperación por la pazentzako izan da: El Salvadorren garatuko da proiektua, emakumeak erdigunean jarriz. Besteak beste, abortoak izateagatik jasaten den errepresioa eta kartzela jarriko dituzte ezbaian eta pedagogia lanketak indartuko dituzte. Medicus Mundik 11.988,36 euro jaso ditu, Indian garatuko den proiekturako, non formakuntza espazioa eta osasun kanpainak indartuko dituzten. San Viator (Serso) elkarteak 11.869,05 euro. Hondurasen, giza eskubideen aldeko lanean jarraituko dute. Amaitzeko, Nazioarteko Elkartasunak 11.840,15 euro izango ditu Senegalen ura banatzeko sistema sarea amaitzeko.