OSTIRALEAN Durangoko Azokako ateak irekiko dira. Urtero bezala, hamaika liburu eta disko berri jarriko dira salgai. Tartean, Goierriko idazleen eta musikarien lanak ere izango dira. Josu Baez idiazabaldarraren Lau erreka poesia liburua, adibidez. Goierriko idazlearen hirugarren liburua da eta Hiria argitaletxearen Parnasoa bildumaren barne argitaratu da.

Baezek 56 urte ditu eta oso gaztetatik idazten du. 2007ko Urretxu eta Zumarragako Iparragirre saria irabazi zuen eta aipatutako bi herrietako udalek saritutako lana argitaratu zuten: Zizelatze isila. Hiria argitaletxearekin argitaratutako lehen liburua, berriz, Haruntz bideetan honuntz izan zen. "Nire lana Elkar argitaletxeko Joxean Ormazabal zegamarrari erakutsi zion eta Hiriakoengana jotzeko aholkatu zidan. Zortea izan nuen".

Hirugarren liburu hau argitaletxe berarekin argitaratu du. Lau erreka da bere izenburua. "Ura beti ezberdin etortzen da. Urtaroaren arabera era batera edo bestera dator. Nik, erreka ondotik begiratuta, gai ezberdinak jorratu ditut. Batzuek gaurkotasuna dute eta beste batzuk klasikoak dira: inmigrazioa, emakumeen aurkako indarkeria, euskara, erlijioa, aberria, natura? Gehienak gai sozialak dira. Liburua txantxangorri batekin hasi eta bukatzen da. Tarte horretan ura pasatzen da: beltza, lokatz-ura, garbia, mehea, lodia?", azaldu du.

Baez Donostian bizi da, baina egunero bere jaioterriko Arimasagasti auzoan duen etxera joaten da irakurtzera eta idaztera. Poemak bere bulegoko leihotik begira ida-tzi ditu eta, hala, Goierriko zenbait txokori eskainitako lanak aurki daitezke: Txindoki eta Kizkitzari buruzkoak, esaterako. Hitzaurreari dagokionez, bere lagun batek idatzi du: Mikel Arregi filologoak: "Kostata, baina azkenean berak idaztea lortu nuen. Liburuaren azterketa egin du eta asmatu duela uste dut".

Idiazabalgo poeta gustura da. Ez da harritzekoa, poesia lanak argitaratzea geroz eta zailagoa baita. Gainera, iaz Seguratik deitu zioten bere poemak errezitatzeko. "Urretxu eta Zumarragako udalek liburua kultur etxeetara bidali zuten eta hori mesedegarria izan zen. Gainera, Iparragirre sariek komunikabideetan oihartzun handia dute", aipatu du. Liburu berriak ere harrera ona izatea espero du. "Oraindik ez dute banatu: lehenengo Durangora joango da eta gero liburu-dendetara. Aurkezpena, berriz, urtarrilean egingo dugu".

Bitartean, idazten jarraituko du. "Negua idazteko garai aproposa da. Sasoi honetan egunero idazten dut. Udan eguraldi ona egiten du eta beste gauza batzuk egiteko aproposagoa da", amaitu du.