- Zortzi urteren ostean, The Loaf lau lokalez osaturiko negozio bat da, ogi eta gozo artisau eta kosmopolitak ekoiztu eta saltzen dituena.

Nola eratu zen The Loaf sortzearen ideia?

-Hiru soziok sortu zuten, 2013an. Frantziako Pasealekuko tren estazio aurrean, hiru hilabeterako pop up okindegi bat egin zuten. Helburua mota honetan egiten den ogiak Donostian zein ekarpen zeukan ikustea zen. Mugimendu handia zegoela ikusi zuten, jendea erostera joaten zela. Ogia bertan egiten zen, kontenedore batzuetan. Behin ikusita proiektu horrek bere mugimendua eduki zuela, gaur egun The Loaf dena sortu zen, 2014an. Hasiera batean, obradorea Zurriolan, orain kafetegia dagoen lekuan, zegoen; helburua urteetan zehar galdu zen ogia egiteko modua berreskuratzea izan zen, benetako ogia balorean jartzea eta hori kaleratzea.

Zerk ezberdintzen du The Loaf antzeko produktuak saltzen dituzten beste leku batzuetatik?

-Produktu ezberdina daukagu, bai ogian eta baita gozoetan ere. Ogi barrak badauzkagu, baina gehien saltzen duguna opilak dira. Horrek kontsumitzaile motan ezberdintzen gaitu, beste okindegi batzuekin konparatuta, baita kontsumoan ere. Gozoei dagokienez, hemen horren ohikoa ez den produktu mota daukagu, estatu batuar estilokoa: brownieak, blondieak, panettoneak, cookieak, muffinak...

Zein dira gehien saltzen diren produktuak?

-Uda honetan gazta tarta atera genuen eta, oraintxe bertan, gehien saltzen ari garena horxe da. Sinplea den produktu bat da baina, askotan, sinpletasunean egoten da zailtasuna. Lortu dugun produktua ez da oso gozoa, ez dauka gazta zapore askorik, jateko oso erraza da eta jende guztiari gustatzen zaio. Bestalde, browniea beti izan da gure fuerteetako bat eta hala jarraitzen du izaten ere. Ogien aldetik, uste dut benetan ezberdintzen gaituena ogi bereziak direla. Ogi integralak, %100 integralak dira, bai gariz eginikoak, baita espelta edota zekalez eginikoak ere. Hori, oso okindegi gutxik daukate Donostian; inork ere ez, esango nuke. Zure jateko prozesuan sartzen badira, eta gustatzen baldin bazaizkizu, oso zaila izaten da hortik irtetea.

Produktua ezberdina da industrialki ekoiztuta eta gabe. Gizarte bezala, txipa aldatu da, produktuaren prezioan aldaketa bat izango dela ulertzeko?

-Erantzuna, radikalki, ezezkoa da. Guk bezero asko dauzkagu, horietako asko eguneroak direnak, baina biztanleriaren ehuneko oso handi batek ez du prozesu horretan hausnarketa bat egiten; edo, egin badu, ez dago bere prioritateetan sartuta. Tristea da, baina ez da bakarrik ogiaren munduan gertatzen den zerbait; beste edozein produktutan ere hala da. Nire aldetik ikusten dut; saiatzen naiz komertzio txikietan erosten, baina noizean behin, kate handietan erosten dut. Kontraesan horiek guri ere eragiten digute. Eguneroko bezero horietatik biziko bagina, ez ginateke biziko; lortu behar duguna, eta hor dago gure lanaren zati handi bat, egunero denda aurretik pasatzen direnak, baita sare sozialetan ikusten gaituztenak, ekartzea da. Aktiboki, kontzienteki eta militanteki, lortu behar bagenitu behar ditugun bezero guztiak, ez ginateke hilabete bukaerara iritsiko.

Nola sortu zitzaizuen produktu beganoak gehitzeko ideia?

-Guk lau denda dauzkagu eta jendeak zer esaten digun ere entzun behar dugu. Joan izan gara ikusten badagoela eskaera bat mota horretako produktuekiko eta geroz eta gehiagora doala. Berdina esango nuke glutenik gabeko produktuekin, eta horretan ari gara lan egiten. Hor dago gure eguneroko berrikuntza eta saria azkenean horregatik da.

Zerk funtzionarazten du zuena bezalako negozio bat?

-Faktore asko dira. Urtetan zehar ikasi dudana interpretatzen jakin behar dela da. Eta ez da batere erraza. Gauza bat zuk zure buruan edo negozio planean dauzkazun ideiak dira eta beste gauza bat merkatuak, jendeak edo kontsumitzaileak daukan ideia. Bata eta bestea uztartzea, hor dago sekretua. Badirudi oso sinplea dela, eta hor dago konplikazio guztia. Sinpletasunera joango naiz: dirua daukazu negozio bat muntatzeko eta ez dakit nork, ez dakit non, zerbait egin duelako diru asko irabazi duela irakurtzen duzu. Ideia ona izan daiteke, baina zuk gero, zure hirian edo herrian berdina egin nahi baduzu, posible da ez izatea merkaturik. Zure ideia ondo exekutatzeak ez dizu ziurtatzen arrakasta edukitzea, ezta jarraitu ahal izatea, zeren ez dakizu merkatuak nola erantzungo dizun.

Etorkizun hurbilean, ideiaren bat duzue berrikuntzaren bat egiteko?

-Pandemian egia da abantaila bat izan dugula; gure sektorea egunero ireki da eta ez gara geldirik izan. Baina egia dena, baita ere, gure negozioa kalean dagoen mugimenduak asko baldin-tzatzen duela. Horrek kalte asko egin digu; eta badirudienez oraindik ez dela bukatu, plana standbyean egotea da, gauden bezala. Gauzak hobeto egiten jarraitu, barrurako hobekuntzak egin, hori bai, produktuak zenbat eta hobeak egiten saiatuko gara. Hor badaukat satisfazio bat. Guk nabaritzen dugu produktuan lortu dugun bai kalitatea eta, batez ere, erregulartasuna, eta hori guretzat oso pozgarria da, arazo asko kentzen dizkigulako. Produktuak modu batera egiten ditugu, ez da automatikoa, eta prozesu horretan konstantzia bat lortzea eta huts ez egitea, guretzat oso onuragarria da.

  • Lea más: "Donostia puede ser una ciudad más clásica en cuanto a pensamiento, pero no lo es a la hora de vestir