Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari kargua Isidro Ansorenak hartu zuen 1922. urtean. Postu horretan lehenengo saioa urtarrilaren 20an egin zuen, hiriaren patroiaren egunean. Efemeride hori dela eta, Aritz Gorrotxategi idazleak Hiru txulo: Donostia eta txistua liburua idatzi du eta Donostiako Udalak argitara eman, Erein argitaletxearen eskutik. Gaur goizean aurkeztu dute liburua Udaletxean bertan Eneko Goia alkateak, Jose Ignazio Ansorena Txistulari Taldeko zuzendariak eta Inazio Mujika Ereineko editoreak. Gorrotxategik ezin izan du bertan egon covida dela eta etxean konfinatuta zegoelako.

"Donostiarrok gure hiriari hiru txulo deitzen diogu maitasunez. Esaten dutenez, itsasotik begiratuta hiru txulo ditu hiriak, hiru sarrera. Gainera, txistuak ere hiru txulo ditu eta horregatik izendatu dute horrela liburua", azaldu du Mujikak.

Isidro Ansorena Eleizegi (1892-1975) txistuaren izen handienetakoa da. Beste lan askoren artean, txistulari andanaren irakasle izan zen, instrumentua hobetzeko lanak egin zituen eta errepertorioa berritu zuen, baina horien guztien gainetik, 1922an txistulari plaza eskuratu zuenetik, Donostiako Udalaren Txistulari Banda "punta-puntako erreferentzia-talde" izatera eraman zuen. "Txistulari Taldea gorenera eraman zuen txistularien maisuen maisu zenari gorazarre egiten zaio liburu honekin", adierazi du Ansorenak.

Euskal Herrian, XVIII. mendearen amaieran ilustratuek tresna hartu, beraien erara egokitu, eta orduan sortu zuten txistua. "Danbolin unibertsalaren euskal aldaera da txistua. XVIII. mendearen amaieran sortu zen instrumentua hemen, baina izena dezente beranduago hartu zuen, XX. mendearen amaieran hain zuzen ere. XX. mendea zorionekoa izan zen euskal konpositore handiak izan zirelako. Horien artean, Olazabal, Bastida edo Ondarroak obra handiak konposatu zituzten txisturako. Gaur egun, zorionez, ikasketa ofizialak egin daitezke eta Musikenen, kontserbatorio guztietan eta musika eskoletan ikasi daiteke txistua jotzen", azaldu du Ansorenak.

Hori da liburuaren lehen atalak jasotzen duena, txistuaren historia alegia. Bigarrenak berriz, Isidro Ansorenaren biografia jasotzen du. Isidrok Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendaritza kargua hartu zuenetik 100 urte beteko dira aurten eta hasieratik proiektuari gogo handia jarri zion gizona izan omen zen. "Ematen du hasieratik bazekiela ikur tankera hartu behar zuela berak. San Sebastian egunean jo zuen 1922an lehenbiziko aldiz. Isidro famatua zetorren ordurako. Hernaniko taldearekin hamaika lehiaketetara aurkeztua zen, eta beti irabazten zuten", gogoratu du.

Joxe Olaizola, organista hernaniarra eta Donostiako Udalaleko zinegotzia, tematu omen zen Isidrok txistulari posturako oposizioetan izen eman zezan. Azkenean, aurkeztu eta postua eskuratu zuen. "Isidroren biografiak gauza asko ezagutzeko eta gauza askotaz pentsatzeko aukera ematen du. Bigarren atal honetan pertsona apal baten historia irakurri daiteke, eta badakigu apalenak izaten direla handienak, nahiz eta normalean horien kontuak ez diren kontatzen", nabarmendu du.

Hirugarren atalean aldiz, 1926-1927 urteen artean Arraten sortu zen Euskal Herriko txistulari elkartearen eta hiriaren arteko harremanaren inguruan hitz egiten da. "Gerrak txistulari elkartearen jarduna moztu zuen eta XX. mendean txistuak berriro ere abiada berria hartu zuen txistulari elkarteari esker, neurri handi batean. Gerra garaian txistulari elkartea desagertu bazen ere, Isidro tematuta zegoen hori aurrera atera behar zela berriz eta Donostian babes ona aurkitu zuen horretarako, non eta Club Vasco de Camping sortu berrian. Bertan, batez ere Manuel Galdonak eta Fernando Vidalek asko lagundu zioten instituzio arloari dagokionean eta horri esker atera zen aurrera", azaldu du.

Ansorenak adierazi duenez, Gorrotxategi "fin eta zintzo" ibili da eta "lan handia" egin du. Bere aldetik, Ansorenak liburuaren hitzaurrea idatzi du eta bertan Isidrok bere lanarekiko zuen ikuspegia azaldu du. "Zerbitzu gisa ikusten zuen bere txistulari lana eta hori guretzat irakasgai handia izan da", adierazi du.

Hiru txulo: Donostia eta txistua hiriko eta inguruko liburu-dendatan dago eskuragarri dagoeneko. Gainera, bihar, hilak 18, ekitaldi publiko batean aurkeztuko dute liburua Udal Txistulariek 19.00etan Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan. Bertaratzeko ez da sarrerarik beharko aretoaren edukiera bete arte.