Donostiako hamabost auzotan egitarauak antolatu dituzte Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Egun zehatza abenduaren 3a da, baina azaroaren 24tik abenduaren 5era ekitaldi asko egongo dira, 120 baino gehiago. Hiriburuko hainbat auzotan egongo dira ekitaldi hauek: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Egian, Grosen, Ibaetan, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean hain zuzen ere.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak egitaraua nola sortu den azaldu du: "auzo horietan batzordeak sortu dituzte egitaraua prestatu eta aurrera eramateko. Guztira, 65 bat eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta kopuru garrantzitsua da oso".

Mota guztietako jarduerak disfrutatu ahalko dira egun hauetan: kultur ekintzak (antzerkiak, liburu irakurketak, kantu jirak, bertso saioak, zinema emanaldiak, kontzertuak eta abar), erabilera sustatzeko egitasmoak (mintzalaguna, mintzodromoak, mahai jokoak euskaraz), haurrentzako jarduerak edota familian egitekoak (pailazoak, bisita gidatuak eta abar). Jarduera horiek www.donostiaeuskaraz.eus webgunean begiratu daitezke.

"Haurren aurrean, helduok heldu"

Euskararen erabilerarekin lotuta eta haren inguruan hausnartzeko, "Haurren aurrean, helduok heldu" egitasmoa martxan da abenduaren 5era arte. Honen helburua helduek haurrekin erabiltzen duten hizkuntza praktiketan eragitea da. Insausti zinegotziaren iritziz, "sarritan haur eta gazteen hizkuntza portaerak ditugu jopuntuan, baina ez gara konturatzen euskara dakigun helduon hizkuntza ohiturak ez direla batere eredugarriak. Horri erreparatu nahi diogu ekimen honen bitartez". Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Udaleko Euskara Zerbitzua elkarlanean aritu dira ekimen hori Donostian martxan jartzeko. Gipuzkoako hiriburuan ez ezik, beste 80 bat hiri eta herritan ere aurrera eraman dute.