Orixe ikastola 1969-1970 ikasturtean jaio zen ofizialki onostiako Parte Zaharrean. Garai hartan euskararekin konprometitutako guraso talde batek, hiriko euskaldun komunitateko hainbat kiderekin batera, beraien seme-alabak euskaraz hezitzeko apustua egin zuen eta 50 urte beranduago, proiektuak bizirik dirau. Iaz egitarau zabala prestatu zuen ikastolak mende erdia bete zuela ospatzeko, baina pandemiaren ondorioz ekintza asko bertan behera utzi behar izan zituzten.

Hala ere, urtemuga honek harribitxi garrantzitsu bat sortzeko aukera eman du: ikastolaren 50 urteko ibilbidea jasotzen duen liburua. "Ikastolako 50. urteurrena ospatzeko lantalde bat elkartu ginen eta hortik atera zen liburua idazteko ideia, egitaraua osatzen duten beste ideiekin batera. Ekimen honek lan handia suposatu badu ere, urteurrenetik haratago ondare bat uzteko aukera emango digu", azaldu dio egunkari honi Amaia Martinezek, Orixe ikastolako zuzendariak.

40 lagun baino gehiagok (garai bateko eta gaur egungo zuzendaritza taldeak, irakasleek, ikasleek eta gurasoek) sinatu dute 160 orrialdeko liburua eta besteak beste, bizipenak, oroitzapenak, istorioak eta abestiak aurki daitezke bertan. "50 urte hauetako argazki desberdinekin eta ilustrazioekin hornituta dago; 180 dokumentutik gora ditu guztira", adierazi du Martinezek.

Liburuak garai desberdinen inguruko begirada zabala eskaintzen du. "Dokumentazio fidagarririk ez badago ere, esan daiteke 1942an hasi zela Elbira Zipitria andereñoa familia bakar batzuen etxeetan eskola ia partikularrak ematen. 1950etik aurrera, Fermin Calbeton kaleko bere etxean ume batzuk bildu zituen eta horrela sortu zen Donostiako lehenengo ikastola. Orixe ikastolaren hazia urte ilun haietan erne zen eta liburuak aurrekari hari ere erreparatu dio", azpimarratu du.

Liburu honekin Orixe ikastolarekin harremana duten edo noizbait izan duten guztiengana iritsi nahi dute. Osteguna baino lehen eskaera guztiak jaso nahi dituzte, horren arabera zehaztuko baitute inprimatuko duten ale kopurua. Eskaera Orixe ikastolaren webgunearen bidez (orixeikastoladonostia.hezkuntza.net) egin dezake interesa duenak.