Donostiar askorentzat Danborradarik gabeko lehenengo San Sebastian Eguna izango da aurtengoa. Eguna berezia da guztiontzat, baina badaude festa egun handia bereziki barruraino sartuta daukatenak: munduan zehar egonda ere, urtarrilaren 20rako abioia aurretik hartzen dutenak, konpainia berriak sortzeko lanean jo eta ke ari direnak, Gabonen ondorengo egunetako agenda Danborradaren inguruan osatzen dutenak, haien zirrara eta urduritasuna inguruko guztiei kutsatzen dietenak...

"Tristura. Tristura da sentitu nuena Danborradarik ez zela egongo erabaki zutenean", kontatu du, adibidez, Iñaki Lizartza antiguotarrak. Urteak daramatza danborrarekin kalera ateratzen, Antiguako Haur Danborradan lehenengo, Artesanan ondoren, baita Santo Tomas Lizeoko Danborkiden ere. Ikastetxe bereko Gaztekide konpainia antolatzen ere aritu da urteotan. Aurten trajeak armairuan geratuko dira astearte gauean, baina etxean bada ere, egun handia ospatuko du, eta balkoira aterako da gauerdian San Sebastian Martxa jotzera. "Bestelakoak, baina emozioak egon, egongo dira", aurreratu du.

Hilaren 20a bakarrik ez, aurrekoak ere desberdinak izaten ari dira harentzat, entsegurik gabe, antolaketa lanik gabe... Gutxienez, "monoa" kentzeko edo, jantzia jartzeko aukera izan du azken egunotan, San Sebastian Egunaren harira grabatutako bideo batean parte hartu baitu: "Trajea jartzea, hotza sentitzea... horiek behintzat nolabait bizi ditut!"

Baina ez da betikoa izango. Ume garaietatik bizi izan du Lizartzak urtarrilaren 20a modu berezian. "Gure etxean traje askotako txanoak, mantalak eta banderak plantxatzen ziren eta bi hilabete lehenago jada hasten zen lana, nabaritzen zen bazetorrela", gogoratu du. Egun, familiako lau kideak ateratzen dira Danborradan.

"Ospatu, ospatuko dugu, nola edo hala", bat egin du Lohitzune Txarolak, Donosticupeko danbor nagusiak. Konpainia sortu zenetik ateratzen da bertan (lehenago ere atera izan zen beste batean), senideak eta lagunak ondoan dituela. Aurten, etxean, seme-alabekin batera, danborrak astinduko dituztela ziur dago, eta egun "desberdina" izango dela ere bai, bizitza osoko San Sebastian Egunik bereziena, akaso.

Izan ere, Danborrada berarentzat "sakratua" dela aitortu du Txarolak. Etxean jaso zuen (aitak Gaztelubiden jotzen zuen) eta kanpoan bizi izan denean ere ez du hutsik egin. "Bruselan eta Londresen bizi izan nintzen eta Gabonetan eta urtarrilaren 20ean etortzen nintzen etxera", gogoratu du. Behin, azterketa bukatu, egunean bertan kotxe bat hartu Pariseraino, handik abioia jarraian eta Donostiara heltzea lortu zuen, garaiz, festa egun handirako.

Arraroetan arraroena

Kaleak isilik?

"Arraroa izango da, kalera atera eta isiltasuna egotea, danborradarik ez entzutea... oso arraroa izango da", aipatu du Josetxo Olalde amaratarrak. Ume zenean jada berezia zen San Sebastian Eguna bere etxean, baina ezin izan zuen Haur Danborradan atera bere ikastetxeak ez zuelako parte hartzen eta, horregatik, heldu bihurtzean zauri hori itxi nahi izan zuen. 28 urte dira jada Danborradan parte hartzen duela, Catedral Centenarion hasieran eta Goazen Errealan azken urteotan, Danbor Nagusi moduan.

Etxean ospatuko du aurten San Sebastian Eguna eta balkoira aterako da, banderaren igoeran eta jaitsieran: "Baina oso desberdina izango da". Emozioak egongo direla uste du: "Baina batez ere jendearekin egon ezin dugulako, une hori ezin dugulako konpartitu", azaldu du Olaldek.

"Nik sentimendu nahasiak ditut; alabak danborra eraman du ikastolara eta, alde batetik, poza sentitu dut, baina baita tristura ere", aipatu du Juanjo Gilek. Urteak daramatza Kaialderen danborradan ateratzen eta Tambores Solidarios elkarteko kidea ere bada, ospitalean dauden umeen egonaldia goxatzeko sortutakoa. Ilusio handiz abiatutako lan handia egin ondoren, 2021ean estreinatzekoak ziren lau danborrada berrietako bat zen elkartearena.

Berezia da gainera, "familiarra". Izan ere, seme-alabekin batera bizi nahi zuten festa barru-barrutik eta baimen berezia eskatu zuten konpainian helduak eta haurrak batera atera ahal izateko. "Donostiako Festak baldintza batzuk jarri zizkigun, baina egia esan asko lagundu ziguten", kontatu du Gilek. Hala, zirrara berezia sortzen zion danborrada berriko danbor nagusi izan eta alaba ondoan zuela kalez kale aritzeko aukera izateak.

Azkenean etxekoak bakarrik izango ditu ondoan eta, kalean beharrean, balkoian jo beharko dute guztiek, baina afari berezia egingo dute eta datorren urterako utzi beharko dute konpainia berriarena. Jantziaren diseinua landuta dute jada eta 60 bat lagunek izena eman dute, elkarteko kideak eta gertukoak, baina herritar gehiago ere animatu nahi ditu haiekin batera parte hartzera. "Alde batetik, festa honen zale amorratuak gara eta, bestalde, fundazioaren lana ezagutzera ere eman nahi dugu danborradarekin", kontatu du Gilek. Horretarako tambores-solidarios.org webgunera sartzera animatu nahi ditu donostiarrak, edo tambores.solidarios@gmail.com helbidera idaztera haien lana ezagutzeko.

Erdibidekorik ez

Urtarrilaren 20an, bai ala bai

Tristura eta emozio nahasiak dituzte denek, baina guztiek onartu dute festa bertan behera utzi beharko zutela garbi zegoela. "Hasiera batean ez zitzaidan hain gaizki iruditu atzeratzearena, baina berehala ikusi nuen ez zeukala zentzurik; ekainean edo udako beroan jantzi hauek jartzeak ere ez luke zentzurik; San Sebastian Eguna orain da", aipatu du Txarolak. "Hotza eta euria ere San Sebastian Egunaren parte dira, Danborradak urtarrilaren 20an izan behar du, ez uztailaren 20an, ez luke zentzurik", bat egin du Olaldek.

Eta erdibidekorik egiteko aukera ere ez zegoela uste zuen Txarolak: "Desmadratu zitekeen eta ondorioak okerragoak ziratekeen... Ezin bada, ezin da". Iritzi berekoa da baita Lizartza ere: "Ezin da erdibidekorik egon, nik ez dut modurik ikusten".

"Zaplaztekoa hartu genuen, baina daukagun egoera hau da eta ez da posible; ospatuko dugu datorren urtean", gaineratu du Gilek. "Osasuna da lehentasuna", gaineratu du Olaldek.

Emozio nahasiak izango dituzte elkarrizketatuek, baina etxean eta ahal den moduan bada ere, egun handia ospatuko dute

San Sebastian Eguna urtarrilean da, neguan, eta ez luke zentzurik atzeratu eta udan egiteak; horretan bat egiten dute guztiek