Bi ordu eskasetan agortu egin dira goizean Donostiako hiriko banderak eskuragarri jarri dituzten lau guneetan: udaletxean eta Casares, Okendo eta Ernest Lluch kultur etxeetan. Guztietan ilara luzeak sortu dira ostiral honetan eta eguerdia baino lehen amaitu dira banatzekoak zituzten banderak. Arratsaldean ere antzekoa gertatu da kultur etxe gehienetan eta berehala agortu dira Egian, Aieten, Intxaurrondon, Lugaritzen eta Loiolan, baita Larrotxenen eta Larratxoko liburutegian ere. Koronabirusa dela eta, bertan behera utzitako Danborrada etxean ospatzeko deiaDanborrada egin du Udalak eta balkoietan jartzeko 10.000 bandera banatuko ditu guztira.

Donostia Kulturaren arabera, Añorgan bakarrik geratzen dira ale batzuk. Esteka honetan kontsulta daiteke banderak agortuta dauden edo ez.

Jon Insausti Kultura zinegotziak adierazi duenez, "ekimenak oso erantzun ona izan du herritarren aldetik, eta horrek esan nahi du donostiarrek barneratu egin dutela aurten ospakizuna etxetik izango dela eta datorren urtarrilaren 20an hiriak harro erakutsiko duela bere bandera balkoi askotan".