Etxean gelditzea tokatu da aurten. San Sebastian eguna ospatzen denetik, 16. aldia izango da urtarrilaren 20an danbor hotsik entzuten ez dena. Gerrak edo eguraldi kaskarrak oztopatu izan dute ospakizuna egitea. Oraingoan, berriz, COVID-19ak eragin duen osasun krisia dela eta, bestelako danborrada izatea egokitu zaigu. Kalean ez da ez festarik ez musikarik egongo, baina aurten ere izango da donostiar izatearen sentimendua eta harrotasuna partekatzeko aukera. Donostiako Udalak erantzunkizunez jokatzeko eskaera egin die donostiar guztiei, segurtasun neurri guztiak betez, baina urtarrilaren 20a donostiar guztion egun handia dela ahaztu gabe.

Eguna behar bezala ospatzeko, hainbat ekimen jarri dira abian. Esate baterako, gaurtik eta astelehenera bitartean 10.000 bandera banatuko dira, balkoiek Donostiako bandera harrotasunez erakutsi dezaten. Banaketa Udaletxean eta Donostiako kultura etxeetan egingo da, 10.00etatik 14.00etara. Pertsona bakoitzeko bandera bana jaso ahal izango da, agortu arte.

Gainerak, haurrek Haur Danborradako konpainia guztietako marrazkiak deskargatu ahal izango dituzte webgunean, koloreztatzeko eta hiriko banderarekin batera euren etxeetako balkoi eta leihoak apaintzeko.

Hiru une hunkigarri, etxean

Bestalde, aste honetan zehar Victoria Eugenia antzokiak hainbat grabaketa hartu ditu. Ikusentzunezkoak San Sebastian eguneko unerik berezietan emitituko dira (bandera igoera, Haur Danborrada, bandera jaitsiera, 00.00etan, 12.00etan eta 24.00etan, hurrenez hurren). ETB, danborradaren webgunean eta Donostiako Udalaren YouTubeko kanalean ikusi ahal izango da.

Bandera igoera eta jaitsierako grabaketetan, helduen 26 eta 25 danborradek hartu dute parte; Haur Danborradaren bideoan, berriz, 40. Konpainiez gainera, grabaketetan Juan Jose Oconek gidatutako Musika eta Dantza Eskolako Irakasleen Bandak, Donostiako Orfeoiak, Kresala Dantza Taldeak, Easo Abesbatzak eta Goizaldi Dantza Taldeak parte hartu dute.

Era berean, Danborradako jantzien erakusketa bat antolatu da. Horretarako, danbor konpainiek 86 jantzi utzi dituzte (55 helduenak eta 31 haurrenak) hiriko auzo guztietako dendetako eraskusleihoetan ikusgai egon daitezen. Jai girorik egon ezean, Donostiako kaleetatik zehar egun handia dela antzeman dadin.