- Plaza berriaren erredakzioa, berez, 2019ko udan esleitu zioten Joaquim Mulà arkitektoari eta urte horren amaierarako bukatuta behar zuen. Enkargua, ordea, eten egin zuen Udalak urrian eta geldirik egon da orain arte. Horretarako arrazoi nagusia izan zen parte-hartze eta kontsulta prozesua egin behar zutela proiektua bera onartu baino lehen. Hala, emandako lau hilabeteko epea ez murriztearren, kontratua aldi baterako etetea erabaki zuten, prozesua amaitzean berriro abiatzeko asmoz. Dena den, aurtengo udaberrian pandemiaren ondorioz tramitazio guztiak gelditu egin zituzten eta, hala, orain arte ez diote berriro proiektu honi heldu.

Astearteko Gobernu Batzordean onartuko dute kontratua abiaraztea berriro eta, hemendik aurrera, urtarrilaren 19ra arteko epea izango du arkitektoak proiektua idazteko. Ondoren, lanak esleitzea etorriko litzateke eta, printzipioz, datorren urtean bertan egiteko aukera egongo litzateke, baina osasun egoerak balditzatuko dituen 2021eko aurrekontuetan plaza horretarako dirurik gordetzen den ikusi beharko da.

Hasiera batean ideia lehiaketa antolatu zuen Udalak Artelekuren itxura zein izango zen erabakitzeko. Lehiaketa Mulàk irabazi zuen, baina ondoren berea eta beste hamahiru proposamenak auzotarrei aurkeztu zizkieten, haiek ekarpenak egiteko. Haien ideiak proiektuan txertatu eta berriro ere bere proposamena atera zen garaile. Hala, 2019ko uztailean esleitu zioten proiektua idazteko lana.

"Ilusio berezia egin dit nire emaztearekin batera sortu dudalako proiektua", esan zuen bere garaian Mulàk. Bere emaztea, Itziar González arkitektoa, donostiarra da.

Plazak bi gune izango ditu: horietako bat zabala eta gardena izango da, argia. Bertan auzoko ekitaldi nagusiak antolatzea da diseinatzailearen asmoa. Gune txikiagoak ere izango ditu, berdeagoak. Umeentzako jolasguneak eta helduek ariketak egiteko espazioa ere egongo dira, baita ur-jolasetarako lekua ere.

5.000 metro karratu inguru izango ditu Arteleku plazak eta auzo berriaren erdigune eta bihotz bihurtu nahi du. Gainera, aurrerago definituko dituzten bi eraikin ere hartuko ditu, auzoarentzako hainbat zerbitzu eskainiko dituztenak.

Lehenengo faseko etxe gehienak amaituta, plaza da orain falta dena Txomin berria auzo bihurtzen jarraitzeko.

Arteleku plazak 5.000 metro karratu inguru izango ditu eta aurrerago definitu beharko diren bi eraikin izango ditu