Altzako eta Intxaurrondoko gimnasioetan hitzordua eskatzeko sistema jarriko dute berriro astelehenean, azaroaren 30ean. Ordua aurrez hartu beharko da bakarrik kiroldegietara 16.30etik 21.00etara joan nahi izanez gero, eta kirol txartela dutenek bakarrik izango dute sartzeko aukera.

Osasun egoeraren ondorioz eta azken segurtasun neurrien ondorioz, kirol-instalazioen edukiera %40ra murriztuta dago eta Donostia Kirolak jende kopuruarekin arazoak sortzen ari direla onartu du, gimnasio eta ordutegi jakin batzuetan, edukiera beteta dagoelako eta bertaratzen diren hainbat kirolarik ezin dutelako berehala sartu. Hala, aurretik hartzeko hitzordu sistema aktibatzea erabaki du, “erabilera arrazionalizatzeko eta sartu ahal izateko itxaronaldiak saihesteko”.

Sistema Altzako eta Intxaurrondoko gimnasioetan aktibatuko dute arratsaldez, orduan sortzen baitira arazo gehienak. Donostiakirola.eus webguneko abonatuaren gunean edo kiroldegiko harreran bertan hartu daiteke ordua, gehienez ere egun bat lehenago. Igerilekuan sartzeko, ordea, ez da beharrezkoa izango.

90 minutuko hiru txanda ezarri dituzte, baina hamar 10 minutu lehenago jada gimnasiotik atera beharko dute kirolariek, hurrengo txandakoekin bat ez egiteko.