Dbusek egunean 3.400 zerbitzu eskaintzen ditu eta horietatik hamar bidaietan bakarrik gainditzen da gaur egun %60ko okupazioa. Eta ostalaritza itxi zenetik, Donostiako autobusen okupazioa gehienez %67koa izaten ari da.

Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak eman ditu datu horiek ostegun honetako Udalbatzan. Hala, egunean 3.390 bidaietan okupazioa %60 horren azpitik dagoela azpimarratu du. "Eta 3.375 bidaietan, %50etik behera", esan du Aranak.

Zinegotziak onartu du, hala ere, badaudela beteago doazen zerbitzuak eta horiei laguntzeko Dbusek dituen errefortzuzko hiru autobusak erabiltzen dituztela. Mikrobusetan okupazioa altuagoa dela esan du, eta gehienez %75era heltzen dela (%65era hamabi metrokoetan eta artikulatuetan).

"Esfortzu handia egiten ari da Dbus eta egiten jarraituko du", esan du Aranak. Gidarien lan-poltsako kide guztiei jada deitu dietela ere esan du eta lan-poltsa berria prestatzen ari direla, 2021 hasierarako prest edukiko dutena.

Garraio publikoa segurua dela ere aldarrikatu du berriro ere, eta autobus gehien-gehienek leihoak irekita bidaiatzen dutela gogoratu du. Ikerketa baten arabera, 70 minutura arteko bidaiak seguruak direla ere esan du, maskarillarekin, eta Donostian egiten direnak batez beste hamabi minutukoak direla. Ildo berean mintzatu da Marisol Garmendia bozeramaile sozialista ere, Elkarrekin Donostiak aurkeztutako mozio baten harira. Mozioak edukierak mugatzea eskatzen zuen eta Udalbatzak ez du onartu.

EH Bilduk ere ez du mozioaren puntu horren alde egin, baina neurri gehiago hartzea badagoela nabarmendu du segurtasun hori handitzeko asmoz eta errefortzuzko zerbitzuak handitzeko eskatu du.