- Euskaraldiaren baitan 75 kultur ekitaldi antolatuko dira Donostiako auzo gehienetan azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, euskaraz guzti horiek.

Udaleko Euskara Zerbitzuak, Bagera Elkarteak eta auzoetako euskara batzordeek lankidetzan antolatu dituzte ekitaldi hauek guztiak, Donostia Kulturaren laguntzarekin.

Jon Insaustik, Euskara zinegotziak, azaldu zuenez hamalau auzoetan zehar eskainiko dira "mota guztietako" ekintza horiek. "Euskaraldia sustatzeko lan eskerga egin dute ehunka pertsonek musutruk, bilerak antolatuz, informazioa zabalduz eta jendearen ilusioa piztuz", azpimarratu zuen.

COVIDaren eragina ere nabarmena izan da hiriko egunerokoan eta gutxi dira aurrez aurre, modu presentzialean burutu daitezken ekitaldiak, hainbat kultur ekimen salbuetsita. Bagerako ordezkari Maddi Juanikorenak, herritarrak parte hartzera animatu nahi izan zituen. Donostiarrak "bertso saioetara, an-tzerkira, zinemara edota kontzertuetara joatea nahi dugu, gune seguruak baitira", adierazi zuen.

Euskaraldiak eskaintzen dituen ekitaldiak www.donostiaeuskaraz.eus web orrian daude zehaztuta, eta horietako batzuk streaming bidez emango dira Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren bitartez.

Bihar bukatuko da ahobizi edo belarriprest rola aukeratuta Euskaraldian parte hartzeko izen emate epea. Horretarako, bihar 11.00etatik 18.00ak arte haima bat jarriko da Gipuzkoa plazan izena eman eta bertan txapak jaso ahal izateko. Hala ere, bizi dugun egoera berezi honetan, izen ematea ere web orrian egitea komeni da, antolatzaileen esanetan.

Dagoeneko izena eman dutenak larunbata baino lehen pasa daitezke txapa jasotzera. Txapak jasotzeko guneak Aiete, Casares, Egia, Ernest Lluch, Etxarriene, Intxaurrondo Berri, Itxas Aurre, Larrotxene, Lugaritz eta Okendo kultur etxeetan egokitu dira.

Aurreko leku horietaz gain, Benta Berri eta Bidebietako polikiroldegietan, Añorgako Jolas Etxean, Bidebietako Kontadoresen, Koldo Mitxelena kulturunean, Bagera elkartean eta Udaleko Euskara Zerbitzuan bertan ere jaso ahal izango dituzte txapak, aldez aurretik Euskaraldian izena eman dutenek