- Indarrean dagoen 2010. urteko Donostiako Plan Orokorrak 33.000 metro karratuko azalera duen industrialdearen kalifikazioa aldatu zuen. Zahartutako industria eraikinen ordez, etxeak nahi zituen Molinao eta Pasai Antxoren ondoan dagoen inguru guztian, bizitegi-gune bihurtzeko. Asmo horiek, dena den, ez dira gauzatu urte hauetan. Plan hori "teoriko samarra" eta "gauzatzeko zaila den ilusio bat" dela ere badio Plan Orokorra aldatzeko txostenak. Horren ordez, azken urteotan industria-jarduera sendotzearen alde egin du Udalak eta Papineko enpresak aspalditik eskatzen ari ziren sarbide berria eraiki zuen 2016an.

Hala, 2010eko asmo horiek baztertu eta Plan Orokorra aldatuko du Udalak, lurzatia berriz kalifikatzeko. Hasiera batean bezala, industria-lurzoru gisa kalifikatu eta lur guztiak B.10 tipologiako zonalde global batean sartuko dira.

Hala, bertan dauden enpresek eta eraikinek berme juridiko eta urbanistikoa berreskuratuko dute eta une honetan duten "iragankortasun eta babesgabetasun" egoera gaindituko dute. Izan ere, egoera horrek, besteak beste, mantentze -edo hobetze-lanak egitea baldintzatzen edo eragozten du gaur egun eta, ondorioz, poligono osoaren degradazioa "areagotzen" du. Udalaren arabera, Papinen errealitate industrialaren eta indarrean dagoen plangintzan marraztutako bizitegi-xedearen artean gaur egun dagoen "dibortzioarekin" amaitzea da helburua.

Etziko hasierako onarpenaren ondoren tramitazioak oraindik luze joko du, baina behin-behineko neurri bat ere hartuko dute eta bi urteko epean (edo behin betiko onarpena heldu arte) ezingo da eremu honetan obra handiak egiteko onarpen, baimen eta lizentziarik eman.

Proposatzen den aldaketak hiru alorretan izango du eragina. Hasteko, aipatu bezala, gaur egun Papinen dauden eraikinak finkatuko dira, desagertu eta antolamendutik kanpo geratuko liratekeen bi eraikin izan ezik, biak abandonatuta, Artxipi bideko 93. eta 111. zenbakietan (azken hori hiltegi zaharra da). Hala, industria-jarduerek gaur egun betetzen dituzten ia 20.000 metro koadroko sabaia sendotuko da.

Bestalde, ingurua birgaitzeko, bide-sarea eta pabiloien arteko berdeguneak eta espazio libreak handitu, egokitu eta birurbanizatu beharko dira, 7.500 metro koadro inguru guztira.

Hirugarren ardatza Molinao erreka aire zabalean irekitzea izango da: gaur egun lurperatuta dago Papin parean (Artxipiko 93. zenbakiko eraikinaren azpian ezkutatuta doa). Euri-urak biltzeko ere egokituko da erreka.

Industrialdea birgaitzeko hainbat ekintza ere aurreikusten ditu Udalak, baita Molinao erreka aire zabalean irekitzea ere