- Marisol Garmendia Espazio Publikoko zinegotziak berriki adierazi duenez gaikako bilketari dagokionez Donostian "bide onetik" goaz: "Ez gaude gaizki, baina hobeto egon gaitezke, aitortu dut hori". Momentuz, bilketa hori handitzeko edukiontzien berrantolaketarekin jarraituko du Udalak. Badirudi errefusaren kontainerrean txip-a jartzeak, epe laburrean behintzat, ez duela aurrera egingo.

Azken lau urteotan behin baino gehiagotan eztabaidatu izan dute udal taldeek txipa jartzeari buruz eta horren alde agertu zen aurreko legealdian EAJk eta PSE-EEk osa-tzen duten udal Gobernua ere. Azken urteotako datuek diote Gipuzkoan errefusaren kontainerra itxi duten herri guztietan gaikako bilketak gora egin duela nabarmen.

2018. urteko aurrekontuan txipa jartzeko dirua ere aurreikusi zuen Gobernuak (150.000 euro, hain zuzen ere), baina ez zen ezarri. Iaz Garmendiak berak onartu zuen hori egiteko lehenengo hondakinen araudia aldatu behar zuela Udalak, eta horri ekingo ziotela eta Añorgan proba pilotu moduan jarriko zutela ere esan zuen. Martxoan bertan onartutako larrialdi klimatikoaren deklarazioan txipa jarriko zuela zioen Udalak.

Uztaileko osoko bilkuran, hala ere, txip hori jartzea eskatzen zuen EH Bilduren mozioa ez zuen onartu Gobernu taldeak eta, orduan zinegotziak esan zuenez, hondakinen kudeaketa hobetzeko edukiontziak berrantolatzen jarraituko dute. Dagoeneko Intxaurrondon, Amaran eta Altzan egin dute hori: gaikako kontainer guztiak eta errefusarenak batera egotea da helburua, gune guztietan. Horrela lortu nahi dutena da errefusarena erabiltzea ez izatea besteak erabiltzea baino erosoagoa edo errazagoa (orain arte puntu batzuetan errefusaren edukiontziak bakarrik zeuden).

Aipatutako uztaileko osoko bilkuran Altzan kafe kapsulak jasotzeko edukiontziak ere jarri dituztela nabarmendu zuen Garmendiak eta papera eta beiraren bilketan Donostiako datuak oso altuak direla ere bai.

2020. urtean %45eko tasara heldu nahi dutela ere esan zuen, 2010ean ehunekoa 30ekoa zela eta hamar urteotako hazkundea, beraz, %50ekoa. Dena den, hazkunde hori batez ere organikoaren edukion-tzia jartzean eman zen eta azken lau urteotako datuak %38-%40 artekoak izan dira, langa hori azkenik iaz gainditu zen arte.

Gaikako bilketa "bide onetik" doala Donostian uste du Marisol Garmendia zinegotziak, "hobeto" egon gaitezkeela onartu arren

Orain arte Intxaurrondon, Amaran eta Altzan berrantolatu dituzte edukiontziak, errefusarena inon bakarrik egon ez dadin