- Auzoetan ere suak antolatzen Udalak ez duela lagundu kritikatu zuen atzo EH Bilduk. Koalizioaren ustez, segurtasun neurriak jarraituta, egoerara moldatutako ekitaldiak egiteko eskaera egin dute hainbat auzotan, baina udal Gobernuak ezezkoa eman die. "Bada ezezko borobila jaso duenik, segurtasun plan oso bat prestatu eta garaiz aurkeztu arren, eta erantzunean segurtasun plan horri aipamenik egin gabe ere", esan zuen atzo EH Bilduk, eta "alternatibak elkarrekin aztertzeko modurik eskaini gabe". Auzo elkarteetako kideak pertsonen segurtasuna bermatzeko adina ez direla izango argudiatu omen du Udalak erantzun horretan.

"Ez du ahaleginik egin auzoetako San Joan suak COVID-19arengatiko osasun eta segurtasun neurriak zainduz antolatzeko aukerak aztertzeko antolatzaileekin", esan zuen koalizioak. San Joan bezperako jaia "guztiona" dela ere aldarrikatu zuen.