- Pandemiaren ondorioz sortutako egoera berri honetan, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian azaldu zuen Martuteneko 27. Poligonorako sarbide berriaren obrak atzeratzea erabaki duela Gipuzkoako Foru Aldundiak.. "Guk erabaki dugu gure errepideen mantentzeari eta segurtasunari lehentasuna ematea eraikuntza berriei baino. Baina gure asmoa aurreikusitako obra guztiak egoera hobetu bezain laster berriro martxan jartzea da", esan zuen.

"Oraingoz atzeratzea erabaki dugun inbertsio bakarra GI-2132 errepidea 27 Poligonoarekin lo-tzeko obra izan da", aipatu zuen. Otsailean onartu zuen Gipuzkoako Aldundiak lanen kontratazioaren txostena, 6,7 milioi eurorengatik eta hamar hilabete inguruko iraupenarekin. Momentuz, hala ere, lanak ez dira hasiko.

Gaur egun Martuteneko poligonoak sarbide bakarra dauka, GI-40an dagoen biribilgunetik, eta trafikoa hor pilatu egiten da, arazoak sortuz. Atzeratuko den proiektuak bide berria sortu nahi du poligonoaren atzeko aldetik eta GI-2132 errepideraino, Astigarragan. Horrek trafikoa banatzen lagunduko luke eta Martuteneko biribilgunea lasaituko luke.

Guztira 888 metroko errepidea eraikiko dute Antondegi ingurutik, %6ko aldaparekin, eta Urumeako autobidetik edo bigarren ingurabidetik doazen gidariek zuzenean hartu ahal izango dute bide hori poligonora sartzeko Bidebitarteko biribilgunetik.

Sarbide berria, gainera, Donostiako sarrerak eta irteerak berrantolatzeko plan orokorraren baitan dago, Martuteneko errotondan ere eragina izango baitu. Epe laburrean beste proiektu bat garatzeko asmoa ere badute Aldundiak eta Donostiako Udalak: Marrutxipiko sarbide berriak Garberako errotondako trafikoa arintzen lagunduko du. Ikusteko dago momentuz krisiak horretan ere eragina izango duen.

Oiarbidek atzo azaldu zuenez, administrazio-epeak eteteak atzerapenak sortuko ditu bide azpiegituretako beste kontratu batzuetan ere. Alde batetik, Belabietako tuneletako obrak aipatu zituen, eta urrian eta azaroan lizitatuko direla esan zuen. "Tramitazio aurreratuarekin egingo da, urtarrilean eta otsailean obra ez egiteko, hilabeterik txarrenak baitira", zehaztu zuen

Bestalde, bide-zoruak konpon-tzeko eta birgaitzeko kontratuei dagokienez, udan egin beharreko lanak direnez, datorren urtera atzeratu beharko dituztela gaineratu zuen.