- Alarma egoera ekainaren 22an amaituko da eta ordurarte hiriko haur parkeek itxita eta zigilatuta jarraituko dute. Jolasguneak lehenago irekitzeko asmoa zuen Donostiako Udalak, Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinego-tziaren arabera, baina Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dituzten koordinazio-jarraibideek diote jolasguneek itxita jarraitu behar dutela alarma egoera amaitu arte.

Bestalde, hiriko haurtxoko eta gaztelekuak gaur zabalduko dituzte eta ekainaren 30era arte egongo dira irekita (uztaila eta abuztuan, ohi bezala, itxita egongo dira).

Gehienak arratsaldez zabalduko dituzte, Aietekoak (goizez) eta Antiguakoak (larunbatetan) izan ezik. Grosekoak eta Parte Zaharrekoak ez dituzte zabalduko.

Gainerakoetan, segurtasun neurriak bermatzeko, taldeak txikiagoak izango dira eta, ondorioz, bi txanda egingo dituzte. Haurtxokoetan lehenengo txanda 16.00etatik 17.30era izango da eta bigarrena, 18.00etatik 19.30era. Gaztelekuetan, aldiz, lehen txanda 16.30etik 18.00etara izango da eta bigarrena, 18.30etik 20.00etara. Bi saioen arteko ordu erdia garbiketa lanetarako baliatuko da.

Derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea eta gelak izango dira erabiltzaileen eskura gune desberdinetan. Aldez aurretik izena ematea ere beharrezkoa izango da (posta elektronikoz).

Bestalde, Bidebietako Kontadores Gazte Zentroak ere irekiko ditu berriro ateak, Donostia eta Donostialdeko gazteek aukera izan dezaten kultura, artea eta sorkuntza jardueretan aritzeko. Ohiko ordutegian egongo da irekita: asteartetik ostiralera, 17.30etik 20.30era, eta larunbatetan, 17.00etatik 21.00etara.