- Hiriko merkataritza biziberritzeko plan berezia sortzeko enkargua egin du Donostiako Udalak. Zehazki, Donostiako Sustapenak atera du lehiaketara enkargua eta 24.200 euro bideratuko ditu horretarako. Plana prozesu parte-hartzaile baten bidez osatu beharko du esleipendunak eta hor merkataritzaren alorreko hainbat eragile (publikoak eta pribatuak) izango ditu ondoan.

Lehenago ere egin izan dira horrelako planak Donostian epe ertainerako estrategia finkatzeko baina azkena (bigarrena) 2007. urtekoa da eta ordutik aldaketak oso nabarmenak dira. Krisi ekonomiko sakonaren eragina gaur egunera arte iritsi da eta, orain, koronabirusaren ondorioak ere jasan beharko ditu merkataritzak. Digitalizazioa eta online salerosketa bereziki indartu dira azken urteotan eta horrek guztiak sektorearen egoeran eragina izan du. Hala, plana berritzea beharrezkoa dela uste du Udalak eta horretarako Eusko Jaurlaritzak 2019. urtean argitaratutako Hirigune programaren lagun-tza baliatuko du.

Plan berriaren helburuak hauek izango dira: hiriko merkataritzaren garapena sustatu, merkataritza lehiakorra eta jasangarria bultzatu, negozioak errealitate berrira egokitzeko laguntza eman, Donostiaren erosketa-hiriaren irudia indartu eta merkataritza gune edo inguru erakargarriak sortu.

Horretarako, alde batetik, egungo errealitatea aztertu beharko dute txostenean, eskaria kontuan hartuta eta digitalizazio maila ere bai, besteak beste. Hiriko merkataritzaren posizionamenduaren diagnosia ere egin beharko dute eta, horiek guztiak oinarri hartuta, ekintza plana diseinatu beharko dute, ekimen eta helburu zehatzak finkatuz. Horiek garatzeko komunikazio kanpaina eta kronograma osatu beharko dute. Behin plan berezia indarrean sartzen denean, jarraipena eta ebaluazioa egiteko moduak ere proposatu beharko dituzte.

Enkargua egiten dutenetik lau hilabeteko epea izango dute plana osa-tzeko. Beraz, urte bukaerarako egon daiteke prest, gutxi gorabehera.

2007. urtetik horrelako planik egin ez bada ere, bestelako laguntzak eta programak egin izan ditu Udalak, Donostiako Sustapena sozietatearen bidez. Azken urte honetan, esaterako, ekialdeko auzoetan kokatutako denda txikientzat laguntzak eman dituzte. Eta orain, koronabirusak sortutako krisiari aurre egin ahal izateko, 2,6 milioi euro bideratuko ditu merkatari eta ostalarientzat, baita formazio saioak ere.

Hiriko barometroaren azken datuen arabera, 2008tik 2018ra Donostiak hiriko denden %22 galdu zituen, 734 gutxiago baitzituen hamar urteko tarte horren ondoren. 2018. urtearen bukaeran ia 9.000 pertsonek egiten zuten lan hirian gertuko merkataritza txikian.

Gaur egun hirian 20.951 jarduera ekonomiko daude eta horietatik ia %90 zerbitzuen sektorekoak dira, Donostiako Sustapenaren arabera. Merkataritzak, zehazki, 2.674 unitate ekonomiko biltzen ditu eta, hala, hirugarren lekuan dago (BPGren ia %12).

Azken urteotan dendak nabarmen murriztu direla onartu du Donostiako Sustapenak, baina aurrera egiteko aukerak ere badituztela uste du eta ildo horri tiraka suspertu nahi du tokiko merkataritza orain enkargatu duen planaren bitartez.

2008tik 2018ra hiriko denden %22 desagertu

ziren krisi ekonomikoaren eta bestelako aldaketen ondorioz batez ere

Donostiako merkataritza biziberritzeko hirugarren plan berezia lau hilabeteko epean osatu behar du esleipendunak