stero-astero hitzordua zuten gaztetxo askok auzoko kultur etxean, ipuinak aurrez aurre entzuteko. Haurrek ezin dute orain etxetik atera, eta haien bila joatea erabaki dute ipuinek. Pantailaren beste aldetik iristen dira orain, arratsaldero, haien geletaraino.

Pasa den asteko datuei erreparatuta, 4.000 ikusle izatera ere heldu dira Donostia Kulturaren Ipuinaren Ordua programak eskainitako saio batzuk (zuzenean jarraitzeko). Berez, benetako kopurua altuagoa izango da, etxe askotan ume bat baino gehiago egongo delako pantailaren beste aldean. Egunik eskasenetan ere, 1.500 konexioetatik ez dira jaitsi (asteburuetan izaten dira daturik baxuenak).

Egia da horietatik askok ez dutela zuzenean ikusten ipuina, baina hori da mundu birtualaren abantailetako bat, nahierara ikusteko aukera eskaintzea. Izan ere, sare sozialen bidez hurrengo 24 orduetan edo ondorengo egunotan ere ikusgai egoten dira saioak eta gehiago dira beste uneren batean konektatzen direnak. Baina zuzenean ere 300 jarraitzailetik gora zenbatu zituzten pasa den asteko egun batzuetan.

Instagram, Facebook eta YouTuberen bidez eskaintzen dituzte ipuin kontalarien grabaketak. YouTube izaten ari da, momentuz, erabiliena, eta asteleheneko ipuinak 2.900 ikusle ere izan zituen plataforma horretan.

Donostia Kulturako arduradunek kontatu dute dei asko jasotzen ari direla, etxe batzuetan 16.00ak iristeko zain egoten direla YouTube telebistan jarri eta denok elkarrekin ipuina ikusteko.

Pantailaren beste aldean zazpi kontalari ari dira lanean, Lur Kortak koordinaturik. Ipuinak euskaraz eskaintzen dituzte egunero (igandeetan izan ezik, egun horretan gaztelaniaz dira) eta larunbatean, zeinu-hizkuntzaz.

Hurrengo hitzordua, beraz, gaur bertan izango dute gaztetxoek. Aste honetan Krokodilo txikiaren ipuina kontatuko die Izaskun Mujikak, Maori txiki batena Lur Kortak, Kattagorriak haserre kontakizuna eskainiko du Lur Usabiagak, Loreren borobiltxoak Amaia Puinek, Puntutxoa Saioa Aizpuruak eta Erraldoiaren hiru ileak Lur Kortak. Igandean, gaztelaniazko kontaketa Izaskun Mujikak egingo du: Árboles en el camino.

Dena den, ipuina kontatzeaz gain, sarrera bereziak eskaintzen dituzte kontalariek eta ipuinak amaitzean, asmakizunak ere proposatzen dizkiete ikusleei. Hala, hurrengo saioan erantzuten dituzte eta, horrela, bideo guztien artean hari edo kate moduko bat sortzen ari dira. Ostiralean, adibidez, barre gaiztoen lehiaketa egiteko proposatu zien Kattalin Ansorena kontalariak gaztetxoei.

Bi eta bost urte bitartean

Fantasia eta irudimena

Urte asko pasatu dira jada Donostia Kultura Ipuinaren Ordua antolatzen hasi zenetik, bi eta bost urte bitarteko txikien artean liburuenganako interesa pizteko eta irudimena eta fantasia sustatzeko asmoz. Liburutegietara ere gerturatu nahi dituzte. Normalean taldetxo txikiak izaten dituzte kontalariek aurrez aurre; orain, pantailaren beste aldean, ehunka dira.

Egia da pantailek distantziak gainditzen dituztela eta Donostiatik kanpora ere heltzeko aukera dutela orain, baina aurrez aurreko giroa desberdina da. Ikasturte honetan badirudi zuzenekorik ezingo dutela gehiago egin (udaberrian amaitzen da, normalean, Ipuinaren Ordua). Datorren ikasturtera arte itxaron beharko dute gaztetxoek lurrean eseri eta ipuinak bertatik bertara gozatzeko.

Ikusleak. Gutxienez 1.500 ikusle eta gehienez 4.000tik gora izan dituzte, orain arte, Ipuinaren Orduko kontaketek (etxe askotan ume bat baino gehiago dagoenez, ikusleak berez gehiago ere izango dira). Gehienek YouTuberen bidez ikusten dituzte bideoak.

Zeinu-hizkuntza. Larunbatetan zeinu-hizkuntzan egiten dute kontaketa, eta pasa den astekoa, adibidez, guztira 1.641 lagunek ikusi zuten.

316

Zuzenean. Pasa den asteko asteleheneko saioak, esaterako, 316 ikuste bildu zituen zuzenean pantailaren beste aldean. Ondorengo ordu eta egunetan ere ipuina entzun zutenak 4.000tik gora izan ziren.Non eta nola. Ipuinaren Orduko saioak 16.00etan eskaintzen dituzte kontalariek, Instagram, Facebook eta YouTuberen bidez. Donostia Kulturaren kontuen bidez ikus daitezke.