donostia - Altza, Intxaurrondo, Mirakruz-Bidebieta eta Egiako merkatariek eska zitzaketen orain arte Donostiako Udalak sortutako diru-laguntzak, baina hemendik aurrera Ategorrieta-Ulia, Loiola eta Martutenekoek ere lor ditzakete.

Donostiako Sustapenaren bitartez kudeatuko dira diru-laguntzak, orain arte bezala, eta jarduera ekonomikoa eta komertziala bultzatzea, hiri-ehuna suspertzea, enpresa berriak sortzea eta saltoki berriak irekitzea da helburua. Laguntzak, zehazki, dendak berritzeko dira, eta saltoki berriak edo hurbileko zerbitzu pertsonalak sortzeko ere bai. Batez ere Ekialdeko auzoetara bideratuta daude, bertako egoera kontuan hartuta.

"Hurbileko merkataritza biztanleen kontsumo-ohituren aldaketetara egokitzea nahi dugu, eskaintza erakargarriagoa eginaz", esan du Enrique Ramos Garapen Ekonomikorako zinegotziak, eta laguntzei esker erreminta berriak eskura ditzaketela gaineratu zuen.

Laguntzak eskatzeko epea udazkenean hasi zen eta irekita jarraituko du horretarako gordetako diru kopurua (200.000 euro guztira) agortu arte. Bestela, urriaren 1ean itxiko dute epe hori. Donostiako Sustapenaren webgunearen bitartez eskatu behar dira.

Berritze lanen kostuaren %80rainoko laguntza jasoko dute, baita higiezinen, makineriaren eta gailu teknologikoen inbertsioaren %80 arte ere (gehienez 1.000 euro). Aholkularitza teknologikoko zerbitzuen kostuaren %50era arte ere jasotzeko aukera dute (gehienez 500 euro). Gainera, denda berrien kasuan, lokalaren alokairu-gastuaren %80 arte diruz lagunduko dute (gehienez 2.500 euro). Dena den, kasu guztietan laguntza gehienez 5.000 eurokoa izango da.

Diru-laguntza hauek honako jardueretara bideratuta daude: txikizkako merkataritza (elikadura-produktuak, edariak eta tabakoa); elikadurazkoak ez diren produktu industrialak; etxerako artikulu elektrikoen konponketa; garbitegiak eta tindategiak; ileapaindegiak eta edertasun-institutuak; argazkigintza-zerbitzuak eta fotokopienak; tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta txurro-dendak; bidaia agentziak; irakaskuntza jarduera batzuk; estomatologiako eta odontologiako kontsulta klinikoak; naturopatia eta akupuntura zerbitzuak; eta zerbitzu parasanitarioak, albaitaritzako kontsultak eta klinikak.