Desfile nagusiak pasa den asteburukoak izan ziren eta, horiekin batera, lehiaketa ere egin zuten, konpartsarik onenak eta karrozarik ikusgarrienak aukeratzeko. Emai-tzak atzo gauean jakinarazi zituzten, Urnietako Oianume jatetxean egin zuten ekitaldian.

Hala, aurtengo Inauterietako sari nagusia Eureka konpartsak lortu du bere festa tropikalarekin eta umorearen sari nagusia, berriz, Furius taldearentzat izan da (Pottokiak ekarri zituzten Donostiara).

Gainerako sariak, konpartsen tamainaren arabera, hiru kategoriatan banatu zituzten atzo. Handienen artean, Intxaur Txiki (gaia: Naizena naiz), Boveda (Minnie eta Mickey Disney pelikulatan) eta Fama (mundu basatia) aukeratu zituzten, hurrenez hurren. Karroza onenak ere hiru horienak izan ziren, baina kasu horretan Bovedak lortu zuen lehen postua eta Intxaur Txikik, bigarrena.

Konpartsa ertainei dagokienez, Karmelo Txikiren Las Vegaseko kasinoek lortu zuten konpartsa eta karroza onenaren saria. Txasissen piraten fantasia eta Alegria de Alzako Atlantida izan ziren bigarren eta hirugarren, talde gisa. Bien karrozek, berriz, bigarren saria lortu zuten berdinduta eta, kasu horretan, hirugarren postua Gurea Elkarteko karrozarentzat izan zen, Aliziaren mundu miresgarria islatzeagatik.

Azkenik, konpartsa txikien atalean Aitor Ikastolako izozkiak, Mi Nuevo Potosíko Suri Sikuri eta Txingorren operako mamuak aukeratu zituzten gainerakoen artean. Karrozarik onena Santa Barbararen iparraldeko gerlariena izan zen epaimahaiaren iritziz. Bigarren eta hirugarren postuan Txingor eta Aitor Ikastola geratu ziren.

eltze festa altzan Atzoko ekitaldiaren ondoren, kalera aterako dira berriro asteburu honetan konpartsa gehienak. Altzan, Eltze festa dela eta, Mystic konpartsak hamar urte ospatuko ditu gaur arratsaldean eta gauean gainerako konpartsen aurkezpena egingo dute Harria parkean (21.30ean), bihar goizeko desfilearen aurretik (11.00etatik aurrera).

Altzakoa ez da hitzordu bakarra. Gaur goizean Intxaurrondon arituko dira Gurea Elkartea, Intxaur Txiki eta Txingor (11.00etan) eta Antiguan, Toxic (12.00etan). Arratsaldean, 17.00etan Erriberetan eta Amaran desfilea egingo dute 20 bat taldek.

Datorren astebururaino ere luzatuko dira Inauteriak, martxoaren 7an Bidebietako kaleetan egingo baitute aurtengo azken desfilea.

sariak

Sari nagusia. Eureka

Umorearen sari nagusia. Furius

Konpartsa handiak.

Intxaur Txiki

Boveda

Fama

Konpartsa handien karrozak.

Boveda

Intxaur Txiki

Fama

Konpartsa ertainak.

Karmelo Txiki

Txasiss

Alegria de Alza

Konpartsa ertainen karrozak.

Karmelo Txiki

Alegria de Alza-Txasiss (Ex-Aequo)

Konpartsa Gurea Elkartea

Konpartsa txikiak.

Aitor Ikastola

Mi Nuevo Potosí

Txingor

Konpartsa txikien karrozak.

Santa Barbara

Txingor

Aitor Ikastola