Denetarik ikus eta entzun zitekeen atzo Alderdi Ederren Haur Danborradak eztanda egin aurretik. Inguruko etxeetako balkoietan Donostiako banderak zintzilikatuta zeuden egun handiari ongietorria emateko eta horien atzean zeuden bizilagunak ere bai, udaletxearen aurreko jardinetan ondo kokatuta zeuden haurrak danborrak astintzen noiz hasiko zain.

11.45 aldera ikastetxe bakoitzeko ikasleek tokia hartuta zeukaten dagoeneko. Irakasle eta gurasoek aginduta, udaletxeari begira jarri ziren danborrak eta barrilak gerrian ongi lotuta zituztelarik. Jantzi dotoreak zeramatzaten soinean eta asko entseatu ondoren, prest zeuden 12.00ak puntuan San Sebastian Martxa jo eta abesteko. "Gaurko egunetik gehien gustatzen zaiguna danborra jotzea, musika entzutea, ondo pasatzea eta lagunekin egotea da", azaldu zuen Ander Gil Jesuitetako hamar urteko ikasleak danborrada baino lehen.

Herri Ametsa ikastolakoak ere festarako ordua iristeko zain zeuden. June Marchan izeneko hamar urteko ikasleari egokitu zitzaion danbor nagusiaren papera egitea eta asko entseatu duela nabarmendu zuen: "Tamaina hartzen badiozu erraza da; bestela, pixka bat zaila", aitortu zuen Marchanek. Izan ere, erraza eman badezake ere, badu bere konplexutasuna Danborradan aritzeak. "Hirugarren aldia da ateratzen naizena, baina zaila da danbor-errepikak egitea", nabarmendu zuen Ekintza ikastetxeko Jorge Aizpurua zortzi urteko ikasleak.

Danborradako beteranoenen artean, La Salle San Luis ikastetxekoak zeuden, hegal estuko kapela beltza, zapi horia eta urre koloreko botoiak zituen jaka beltzarekin Plymoutheko marinel ingelesen uniformea irudikatuz. Emma Cazorla -13 urte- eta Julen Elarburu -14 urte- ikasleak barrilak jotzeko prest zeuden. "Jantzi desberdin asko ikus daitezke gaur eta oso kuriosoa izaten da", azpimarratu zuen Elarburuk. Aitortu zutenez, ikastetxean asko entseatu zuten atzoko egun handirako. "Eskolan astelehenero entseatzen genuen eta bi larunbat ere baliatu genituen entsegu orokorrak egiteko, trajeekin eta guzti", azaldu zuen Cazorlak.

PROTAGONISTAK Aitor Ikastolari egokitu zitzaion aurten pertsonaiak irudikatzea eta Easo Ederraren irudia kentzea erabaki zuten, danborrada parekidea ospatzeko asmoz. "Gurasoen elkartean ez zitzaigun Easo Ederra gustatzen; ez egiten duenagatik, figura baizik. Norbaitek esan zuen txantxetan Bello Easo aterako genuela eta Udala prest agertu zenez, gauzak beste modu batera egiteko sintonian geunden denok. Hortik aurrera, dena oso ongi atera da", azaldu zuen Nando Gazteluk, Aitor Ikastolako gurasoen elkarteko kideak.

Easo Ederraren pertsonaia kentzea erabaki bazuten ere, berri batzuk proposatu zituzten. Atzoko haurren jaiari hasiera eman zietenak herritarren pertsonaiarena egin zuten Malena Cornago eta Bittor Gaztelu izan ziren. "Urduri gaude, baina oso pozik. Dagoeneko buruz dakigu zer esan behar dugun eta horrek segurtasuna ematen digu", azaldu zuen Cornagok. "Asko entseatu dugu eta, gehienetan, biok batera", gaineratu zuen Gazteluk.

12.00ak izateko hamar minutu inguru falta zirenean, udaletxeko balkoira igo ziren biak ala biak. Lehenik eta behin, hirian zentraturiko diskurtso bat helarazi zieten Alderdi Ederren zeuden guztiei mikrofonotik, ozen. Donostia berdea, euskalduna, parekidea, alaia eta dibertigarria aldarrikatu zuten eta amaitzeko, danborrak astintzeko eskatu zieten lagunei: "Hauxe bai Donostia ederra! Astindu ditzagun danborrak, entzun ditzatela mundu osoan eta esan dezagun ozen: festara! Gora Donostia! Gora donostiarrak!".

Aurtengo berrikuntza gisa, bertso bat prestatu zuten udaletxeko balkoitik abesteko. Diskurtsoaren ondoren iritsi zen bertsoa botatzeko unea eta desfilean ateratzeko ikastetxeen ordena zozketa bidez aukeratzea aldarrikatu zuten, azkenaldian hainbat ikastetxe eskatzen ari diren moduan. "Hau kontuan hartu ta segi disfrutatuz", esanaz amaitu zuten kantuan. 12.00etan puntuan Haur Danborradak eztanda egin zuen San Sebastian Martxarekin batera eta Aimar Capa danbor nagusiak gogotsu eta fundamentuz zuzendu zituen ikastetxe guztiak udaletxeko balkoitik. Hainbat kantu jo ostean, kalean desfilatzera abiatu ziren guztiak eta Donostiako kaleak alaitzen jardun zuten. Euririk egin ez zuenez, haurrek zein helduek betebetean ospatu zuten San Sebastian eguna.