Berez, 24 ordukoa da San Sebastian eguna, gainerakoak bezala. Baina ordu horiek gutxiegi direla eta luzatu egiten dute donostiarrek urtero: festazaleek, urtarrilaren 21eko ordu txikiak arte; gaztetxoek, berriz, gauerdira arte itxaroteko pazientziarik ez eta 19 arratsaldera aurreratzen dute urtero.

Atzo bazkalostean abiatu ziren, lehenengo, Katalina de Erausokoak Amara Berri ingurutik, eta ilundu zuen arte jarraitu zuten danbor eta barrilak astintzen. Beranduxeago atera ziren, berriz, Afede Lagunen danborradakoak Groseko kaleetatik. 18.00etan zuten hitzordua eta afalordura arte ibili ziren kalez kale.

Parte Zaharrean, berriz, giroa berotzeko arduradunak, ohi bezala, Gaztelubide eta Kresalako gaztetxoak izan ziren, ordu batzuk beranduago haien elkarteetako helduagoei bidea erakutsi nahian. Lehenak elkartearen ataritik atera eta Parte Zaharra zeharkatu ondoren, Konstituzio plazako taula gainera igo ziren, eszena estreinatzeko belaunaldi zaharragoari lekukoa utzi baino lehen.

Kresala Txikikoak 18.30ean atera ziren Zuloagatik eta, besteak beste, San Bizente elizan ere izan ziren. Eliza beteta zegoen eta Kresalako danbor-joleena bakarrik ez, dantzarien emanaldia ere gogoz txalotu zuten bertaratutakoek. Gaztelubidekoen ondoren, haiek ere igo ziren Konstituzio plazako taula gainera Igoeraren aurretik.

GAUR, BESTE BI Haien lekukoa 5.000 haurrek hartuko dute gaur eguerdian Alderdi Ederretik abiatuko den Haur Danborrada nagusian. Baina horiek bakarrik ez: beste bi danborrada ere aterako dira gaur kalera, umeek osatutakoak. Alde batetik, Antiguako haur danborrada 17.00etan abiatuko da San Sebastian elizatik eta 18.30ean, berriz, Amaratarra haur danborradaren txanda izango da. Armerias plazako eszenatokira igoko dira auzoko gaztetxoak, auzoko danborraden topaleku dena gaur egun osoan zehar. - N.G.