Goizeko 7.00ak, Lasala plaza. 20 bat danbor eta 20 bat barril. Guztiak zuzentzen, udal bandako kide bat danbor nagusi postuan. Ondoan musika banda eta airean, Sarriegiren doinuak. 1871. urteko urtarrilaren 20a zen: Union Artesanaren lehen danborrada izan zen hura eta danbor hots horiek hiria pizten jarraitu dute ordutik, urtero-urtero, San Sebastian egunarekin batera.

150 urte beteko ditu aurten elkarteak eta 150 urte beteko dira datorren urtean gaur egunera arte heldu den egitura eta soinu banda izan zuen lehen danborrada hartatik. Denbora honetan guztian Donostiaren bilakaeraren lekuko izan da, baita parte-har-tzaile aktiboa ere hainbat esparrutan. Gaur hasi eta urte osoan zehar luzatuko diren hainbat ekitaldi eta ospakizun prestatu ditu Artesanak, baina urteurrena atzera begiratzeko aitzakia ere izaten denez, ikerketa ere abiatu du, elkartearen ibilbidea (eta, horrekin batera, hiriarena eta danborrada berarena ere, neurri batean) ezagutu eta zabaltzeko.

Urteurreneko ekimenak koordina-tzen Francesca Cancellieri ari da eta, horien baitan, Jose Ignacio Peñagarikano bazkideak hartu zuen bere gain urtebete luzeko ikerketa lan hori. Orain egutegi-liburu moduko batean jaso dituzte mende eta erdiko mugarri garrantzitsuenak. Denbora tarte luzea da eta hiria eta herritarrak erabat aldatu dira 1870 hartatik. "Bi gerra, bi errepublika, bi diktadura eta hiru monarkia bizi izan ditu Artesanak", laburbildu du Peñagarikanok. Denbora horretan guztian, hala ere (urte gutxi batzuk salbu), danbor hotsak izan dira Donostian urtarrilaren 20an.

Hasiera Zezenak dira...

Artesana elkartea ez zen ezer ezetik sortu eta danborrada, ere ez. 1843. urtetik La Fraternal elkartea zegoen Donostian eta bazkideak San Sebastian egunean nolabaiteko danborradan ateratzen ziren Puyuelo kaleko egoitzatik. Danborrik ez zegoen, ordea. Jantzi informalak soinean, txirula bat jotzen zuten (flageolet) eta barril antzeko batzuk ere bazituzten. Txistulariek lagunduta (tuntuna) Parte Zaharra zeharkatu eta Konstituzio plazan Pastelero eta Zezenak dira abestiak jotzen zituzten, besteak beste, sokamuturra iragartzeko.

Duela 175 urteko Fraternalaren danborrada horri omenaldia egin nahian, bihar gaueko banderaren jaitsieran berriz entzungo dira Konstituzio plazan Zezenak dira melodiaren doinuak: "Garai hartako danborradaren eta hiriaren ikurra bihurtu zen, herritarrek eskatzen zuten eta etengabe jotzen zuten, Iriyarena zen (Iriyarena zaharra, gero Sarriegik berria sortu zuelako), herriarena bihurtu zen", kontatu du Peñagarikanok.

XIX. mendeko Donostiaren ikur bihurtu zen abestiaren inguruan bitxikeriarik ere topatu du bere ikerketan, Juan José Belaustegui (1869-1945) musikari urretxuarraren ida-tzietan: "Doinu herrikoitzat eta bertakotzat dugu, baina, berez, melodia Franz Joseph Haydn konpositore austriarrak sortu zuen; euskal txistulari edo musikariren batek hura entzun eta moldatu zuen eta erabat zabaldu zen orduko Donostian, sokamuturra eta zezen suzkoa iragar-tzeko jotzen zuten". Melodia horri Serafin Barojak jarri zion gero gaur arte heldu den letra.

Egoitza erre zenean, La Fraternal elkarteako bazkide gehienek erabaki zuten elkarte berria abiatzea. 1870.eko maiatzean sortu zuten Union Artesana eta aurrekoaren ohiturei jarraipena eman zien, baina berritzeko prest ere bazegoen: hala sortu zuten 1871.ean, lehenengo aldiz, gaur egunera arte iraun duen egitura eta soinu banda zuen danborrada: danborrak, barrilak, musika banda eta danbor nagusia eta Sarriegiren doinuak. "Salto handia eman zuten urte hartan eta gaur egungo danborradaren hasieratzat har daiteke urte hartakoa", kontatu du Peñagarikanok.

Ibilbidea Esperimentuak

Aldaketa txikiak eta handiak egiten saiatu ziren lehen 25 urte haietan Artesanakoak, batzuk arrakastatsuak eta beste batzuk, ez. 1882.ean Udalak jantzi militar frantsesak oparitu zizkien (aurrerago horiek utzi eta kalez jantzita atera nahi izan zuten, baina herriari ez zitzaion gustatu eta soldadu arropak bueltatu ziren); urte gutxitan estreinatu zituzten iringile jan-tziak barrilak jotzen zituztenek. 1889.eko esperimentua ere aipatu du Peñagarikanok. Hiru garaietako danborrada irudikatu nahi izan zuten: aurrekoa (Fraternalaren itxura zuen danborrada osatu zuten), garai hartakoa eta etorkizunekoa. "Etorkizunekoa islatzeko karrakero talde bat atera zuten, frak dotorez jantzita", kontatu du.

Danborrada berez inauteri garaiaren hasiera bazen arren, goizeko desfilea eta arratsaldeko erretreta desberdindu nahi ditu Peñagarikanok. Mozorroak, desfileak eta inauterietako bestelako ezaugarriak izaten zituen erretretak, baina ez goizeko danborradak. Lehen urte haietan danborrada sokamuturrari lotuta zegoen erabat eta hura debekatu zutenean, protesta modura, Artesanak ez zuen danborradarik antolatu 1902. urtetik 1905.era. Hurrengo urtean berrekin zion desfileari, ordurako existitzen ziren beste lau danborradekin batera.

1900. urtean igo zuten, lehen aldiz, elkartearen banderarekin batera garai hartan Donostiako itsas bandera zena (gaurko bandera ofiziala), gauerdian eta Lasala plazako elkartearen egoitzaren aurrean. Beranduago hasi zen Udala bera bandera udaletxean igo-tzen Konstituzio plazan eta 1935. urtean antolatu zuen, lehenengo aldiz, igoera ofiziala garai hartan sortutako Gaztelubide elkartearen eskutik.

Agurraren ardura Bandera jaitsi

Gerra ondoren, 1940. urtean, Artesanari (7.00etan, ordura arte bezala) eta Gaztelubideri (banderaren igoeran) bakarrik eman zieten desfilatzeko baimena eta gerra ondorengo urte haietan polikiago heldu ziren aldaketak. Artesanari dagokionez, nagusiena 1957.ean heldu zen, bandera jaisteko enkargua egin baitzion Udalak. Lehen urte haietan ez, baina 1970.etik taula gainean jotzen dute jaitsieran eta ohiko 7.00etako ordutegia aldatu egin zuen elkarteak, urtarrilaren 20ko 22.30ean abiatzeko azken 50 urteotan.

Ordutik danborrada kopurua biderkatu egin da hirian, azken 20 urteotan bereziki. Artesanak eguna agurtzeko ardura du eta Urrezko Danborra emateko ekitaldian ere badago, baina haien danbor, barril eta suilekin batera beste 30.000 astintzen dituzte donostiar heldu eta gazteek 24 ordu luzeetan zehar hiriko bazter guztietan.

Egoera berrian "gustura eta eroso" sentitzen dela Artesana uste du Peñagarikano bazkideak. "Erabat herrikoitu da eta hori oso positiboa da, donostiar guztiok sentitzen dugu danborrada geurea, denona da", aipatu du, eta horretan danborrada guztiek egiten duten ekarpena nabarmendu du. Egokitzen asmatu du danborradak eta, era berean, duela 150 urteko oinarria mantentzen ere bai. Harresiak bota berritan hazten ari zen hiri artisau, arrantzale eta merkatari txiki batek sortu eta XXI. mendeko hiriburuan ikur izaten jarraitzen du danborrak.