donostia - 33 konpainia izango dira Erdialdeko kaleetan arituko direnak: 7.000 parte-hartzaile guztira. Auzoz auzo begiratuta, danborrada gehien dituena da eta, horregatik, kaleak eta ordutegiak beteta daudelako, talde berriak ez onartzeko erabakia hartu zuten. Hala ere, salbuespena egin dute aurten eta Hamaikakoak astelehen goizean aterako dira.

Hala, igande gauean bederatzi danborrada izango dira Erdialdean: Ondar Gain, Corcones, Kai Alde, Espai Catalunya, Cantábrico, La Espiga, Mundaiz eta Antonio Bar, baita Amara Areto Futbol Kirol elkartea ere. Astelehen goizean beste zortzik hartuko dute lekukoa: Angulas de Aginaga, Vasconia, Kutxako langileak, Deustuko unibertsitatea, Hamaika, Jatorra, Londres Hotela eta Summako gurasoak. Arratsaldean beste hamasei abiatuko dira: Emakumeen Etxea, Eiztari Etxea, Eskaut Gia, Amigos del Europa, Txubillo, Gaztedi, Peña Anastasio (gizonak, emakumeak eta gazteak), Summa Aldapeta, Eskola Danborrada, Ingeniariak, Gizartea, Lagun Artea, Atlético San Sebastián eta Catedral-Centenario.

Ez dago, berez, banderaren igoera bateraturik Erdialdean, gauerdian ateratzen diren elkarteak (Ondar Gain, Corcones, Kai Alde eta Espai Catalunya) haien egoitzetatik abiatzen baitira. Baina goizeko 2.00etan Koldo Mitxelenako taula gainean elkartuko dira hiru konpainia. Arratsaldean ere, 18.00etan, emanaldi berezia izango da bertan eta bandera jaisteko ardura Catedral-Centenariok izango du.

Berrikuntzen artean, Emakumeen Etxearen danborradaren buruhandia aipatu zuten atzo auzoko elkarteetako ordezkariek. Datorren urtean beste bi ere izan nahi omen dituzte.

omenaldia Erdialdeko danborradek urtero sari berezi bat eskaini ohi dute eta aurten Josean Rodríguezentzat izan da. 1963.ean Haur Danborradan hasi zen La Salle ikastetxeko konpainian eta taldea antolatu zuen hainbat urtez. Gero, Ondar Gain elkartearekin 40 urtetik gora eman zituen, behin barrilen buru moduan eta 19 urtez danbor nagusiaren lekuan. Gizartea elkartearekin ere atera zen 80ko hamarkadan eta aurten, Ondar Gain utzi eta Jatorrako jubilatuekin aterako da, berriro ere, danbor nagusiaren jan-tziarekin.

Atzo eman zioten oroigarria Rodríguezi eta txantxarako tartea ere izan zuten Kai Alde elkartearen egoitzan egindako hitzorduan, Erdialdeko danborradetako ordezkari gehienak bilduta.