Pandemia urteak ezin eta gero, kirol ikuskizuna itzuliko da datorren igandean Udalaitzeko inguruetara. Mondraitz klubeko kideek Arrasate-Udalatx lasterketaren seigarren edizioa prest dute. Gainera, aurtengo proba berritasunekin dator. "Tontorrean asistentzia eta segurtasun neurriak bere horretan mantenduko dira, baina edozein baldintza klimatikoren aurrean egokiagoa den kokalekura pasako da anoa postua. Honela, jaitsierako amaiera puntura mugituko da (kilometro bat beherago)", azaldu zuten antolatzaileek asteartean Hamalau tabernan egindako aurkezpenean.

Ibilbide egoki eta ederrago bat eskaintzea da beste helburuetako bat. Beraz, 18. kilometroan, Udalatxetik Arrasatera doan tartean, "moldaketa txiki bat egin dugu, hala ere, horrek ez du lasterketako luzera zein gora-behera metatuan eragin handirik izango", zehaztu zuten.

Honetaz gain, aurrenekoz, probaren hainbat puntutako zuzeneko irudiez gozatzeko aukera egongo da Herriko plazan bertan jarriko duten pantaila erraldoian. Lasterketa eta klubeko sare sozialen bidez online ikusteko estekak ere partekatuko dira.

Apirilaren 10ean 350 korrikalari espero dira irteera puntuan (10.00etan Herriko plazan). "Azpimarratzekoa da 211 lasterkari bailarakoak izango direla, eta hortik 128 arrasatearrak", nabarmendu zuten antolatzaileek. Gainontzekoak Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorriko dira, baina baita Bartzelona, Girona, Albacete, Madrid, Errioxa, Burgos edo Zaragozatik ere.

"Emakumezkoen presentzia desorekatua den arren, urtetik urtera handituz doa, eta aurten 38k eman dute izena (hamahiru, 2015ean)", gaineratu zuten Mondraitz taldekoek.

Irabaztera deituak dauden izenen artean, aurreko edizioetan txapela janztea lortu zuten Asier Larruzeak eta Aitor Ajuriak eman dute izena. Eta horiekin batera, garaipenerako lehian, Gontzal Murgoitio, Julen Martinez de Estibariz eta bailarako Xabier Lete eta Aritz Kortabarria aurreikusten dira. Emakumezkoen artean, ordea, hiru edizioetako garaileak, Oihana Azkorbebeitiak, parte hartuko du. Baina lehian beste izen nabarmen batzuk ere izango dira, hala nola, Onditz Iturbe, Andrea Garai, Ainara Urrutia aretxabaletarra, eta Ainara Uribarri eta Malen Osa oñatiarrak.

Bestalde, Udala auzoan trafiko arazoak ekiditzeko, ikusleei bertara oinez joateko deia egin diete.