Herrigunea; Usitte-Galartza-Apotzaetxebarri; Azatza-Larriñu-Bedoña; Arkaraso-Arientza-Korueta; Kurtzebarriko hai-tzak; Degurixa... Aretxabaleta bere eremu osoan ezagutzen lagunduko duen liburua kaleratu dute Julen Abasolo Gallastegik eta Gorka Madinabeitia Perezek. Herriko bazterrak, izenak eta istorioak ezagutzera emateko helburuarekin urte askotan zehar egindako lana batu dute Loramendi Elkarteko Toponimia taldeko kideek.

Herri inguruko auzo, eta mendietako zein erdiguneko ibilbideak jaso dituzte liburuan; guztira, hamabi. "Argazkiek ere garrantzia handia dute bazterrak ikusteko, alde batetik, eta baita panoramikoen bitartez toponimoak kokatzen laguntzeko. QR bidez tracka eta hegaldi simulatuak ere eskuratu daitezke bertan", azaldu du Abasolok.

Loramendi Elkartearen barruan sortutako Toponimia taldeak bultzatu zuen ekimena 2010ean, Ibilbide historikoak izenburupean, eta hainbat irteera egin zituzten orduan. "Bakoitzaren gaineko informazioarekin liburuxka bana argitaratu zuten", gogoratu zuen Abasolok. Talde haren lekukoa hartu zuten geroago Julenek eta Gorkak, eta azken urteotan toponimiari buruz egin duten lan mardula Aretxabaleta. Hamaika ibilaldi eta istorio liburuaren 235 orrietan batu dute.

Baserri, haitz, tontor, zelai, erreka, bidegurutze eta txoko guztien izenak jasotzen saiatu dira. Ez dira artxiboetan ibili. Ahoz aho transmititukoetatik abiatuta eraiki dute kontakizuna. "Lagun askorekin, adinekoekin eta paraje bakoitzeko bizilagunekin egon gara", zehaztu du Madinabeitiak. Izenekin batera, makina bat pasarte eta bitxikeri eskaintzen ditu liburuak. Guztira 200 ale atera dituzte Udalaren finantzaketarekin.