Elorregin egin zuten aurkezpen ofiziala astelehenean Debagoieneko Antzerki Plataformak (DAP) eta datorren larunbatean herriz herri joango dira proiektuaren nondik norakoak azaltzen. uskarazko kultura eta antzerkiari "gure gizartean dagokion tokia eta garrantzia" emateko helburuarekin hasi zuen bere ibilbidea plataformak.

"Antzerki eragile gisa, urteetan zehar kultur lanaren prekarizazioa, profesionalizazio falta, hobbie moduan ikusia izatea, babes falta eta gure lanaren garrantzia aitortua ez izatea izan da gure egunerokotasuna. Hiriburuak izan dira beti kultur lanaren eta kulturgileen elkargune, herrietan eta Debagoiena bezalako bailaretan hauen presentzia minimoa izan delarik. Horri aurre egiteko beharra ikusi dugu eta, horregatik, sortu dugu DAP", azaldu zuen Iurgi Etxebarriak.

Bailarako antzerki eragileen arteko sare bat da DAP, "egungo kultura sustatzea eta etorkizunekoari indarra eta duintasuna ematea" helburu duena, gaineratu zuen Amaia Castañedak. Elkarte moduan 2017an jaio zen arren, iaz ekin zioten indarrez bide berri bati: D2030 egitasmoaren baitan proiektu kulturala garatzeko eta martxan jartzeko aukera izan baitzuten. "Antzerkigintza, eta kultura orokorrean, gizartearen eraldaketarako giltza bezala ulertzen dugu", azpimarratu zuen Etxebarriak.

Bost dira lantzen ari diren lan lerroak: formakuntza, bidelagun, plazara!, sormena eta komunikazioa. Arrasate (Doke), Bergara (Jardun) eta Oñatiko (Irazan) antzerki eskolez gain, tailerrak proposatuko dira gainerako herrietan. Bestalde, dagoeneko eskualdeko hamairu ikastetxetan Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako, eta Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako haur eta gazteek eskolak jaso-tzen dituzte diziplina honetan.

Lehen ibilbide hau eginda, aurtengo asmoak zehaztu zituzten DAPeko kideek. "Lehenengo sei hilabeteetan formakuntzarekin jarraituko dugu eta talde jarraiak sortu ez diren herrietan antzerki inprobisatuko ikastaroak egingo dira otsailean eta martxoan, Elgetan, Aramaion eta Eskoriatzan. Formatu berdinean apirilean eta maiatzean clown ikastaroa eskainiko dugu", aurreratu zuen Josu Zubiak.

Honekin batera, Bidelagun ekimena abian jarriko dute eta, horretarako, hainbat herri eragilerekin topaketak antolatuko dituzte, "guztion artean Debagoieneko etorkizun kulturala imajinatu ahal izateko". Ikasturtea bukatzeko jaialdia ospatu nahiko lukete, lau egunetan zehar bailarako herri guztietan ekintzak antolatuz.

2023ko ikasturterako, aldiz, formakuntza eskolak eskaintzen jarraituko dute. Udazkenerako, hau da irailetik urte amaiera arte, ohikoak ez diren espazioetan programa berezi bat egiteko asmoa dute.

Hau dena aurrera eramateko, ordea, "hainbat herri eragileren babesa eta laguntza ezinbestekoa izango da. Dei egiten diegu herritarrei, kulturgileei, udaletxeei, enpreseei... ekintzetan parte har dezaten; sare honen parte izan daitezen, eta gurekin batera bestelako bide bat jorratzen lagun diezaguten", nabarmendu zuten.

Debagoieneko herrietan aurkeztuko dute DAP larunbatean. Goizean Leintz Gatzagan, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten eta Aramaion izango dira, eta arratsaldean, Bergaran, Elgetan, Antzuolan eta Oñatin.